Zabalik dago Aratusteetako kartel lehiaketan parte hartzeko epea

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko urtarrilaren 17a

Otsailaren 8ra arteko epea dago lanak aurkezteko, kultura etxean. Lehiaketako irabazleak 350 euro eskuratuko ditu.

Dagoeneko kaleratu dituzte Aratusteetako kartel lehiaketan parte hartzeko baldintzak. Hain justu, lehiaketa horretan parte har dezake Bergaran bizi edo erroldatutako edozeinek.
Horrekin batera, diseinuen kartelak, kolore eta teknika libreaz egin ahal izango dira, eta 40x60 zentimetroko kartoizko oinarri baten gainean aurkeztu beharko dira. Horrez gain, derrigorrezko honako testua ere eroan beharko dute diseinuek: Aratusteak 2011, Bergara.
Lehiaketako irabazleak 350 euro eskuratuko ditu, nahiz eta saria eman gabe ere gera daitekeen, epaimahaiko kideek gutxieneko kalitaterik ez dagoela uste badute. Bestalde, Udalak egoki ikusiz gero, aurkeztutako kartel guztiekin erakusketa antolatu ahal izango du. 

Otsailaren 8a aurretik

Kartelak kultura etxeko behe solairuan (Errotalde jauregia) aurkeztu beharko dira eta horretarako azkeneko eguna da otsailaren 8a (martitzena), 13:00ak baino lehen.
Aurkezteko orduan, kartelek ez dute egilearen nortasuna agerian utz dezakeen ezer edukiko. Atzealdean lelo bat dutela aurkeztuko dira kartelak. Gutunazal itxi baten, leloa kanpoan eta egilearen datuak (izen-abizenak, nortasun agiriaren fotokopia eta telefono zenbakia) barruan jarriko dira.
Epaimahaia nortzuk osatu duten epaia jakitera ematen den egunean jakinaraziko da. Bestalde, epaimahaiko kideek hartutako erabakia aldaezina izango da. Saritutako lanei dagokienez, Udala jabetuko da haietaz eta argitaratzeko, aldatzeko, eraldatzeko, zabaltzeko... eskubidea izango du.
Saritu gabe geratu diren lanei dagokienez, erakusketa egiten bada, erakusketaren azkeneko egunetik hasi eta 30 eguneko epean jaso ahal izango dira. Epea amaitu ondoren egileek jaso ez badituzte, pentsatuko da ez dituztela aintzakotzat hartzen, eta Udala horietaz libreki baliatu ahal izango da. Era berean, ez da erreklamazio edo indemnizazio eskubiderik onartuko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak