Arrakastatsu ekin diote urteari gaztetxoendako DJ jaialdiek

Txomin Madina Milikua 2011ko urtarrilaren 17a

Zapatu arratsaldean Zabalotegi aretora hurbildu zenak, ez zuen betiko areto lasaia aurkitu: aulki guztiak kendu ostean argi distiratsuek, diskoteketako keak eta musika dantzagarriak hartu zieten lekua ohiko antzezlanei eta formatu txikiko kontzertuei. Izan ere, Udalak antolatuta, asteburuon izan da DBHko ikasleendako urteko lehen DJ jaialdia eta gaztetxoek ez zuten galdu gura izan.

18:30ean Zabalotegiko ''dantzalekuak'' ateak zabaldu zituenean, 200 gaztetxo inguru sartu ziren, eta orduek aurrera egin ahala kopurua apur bat jaitsi arren, giroarekin ez zen gauza bera gertatu.

Askotariko musika

Jon Urbieta izan zen urteko lehen jaialdiko disko jartzailea eta abesti sorta zabala aukeratu zuen gaztetxoentzat: reaggetona eta puri-purian dauden erritmo dantzagarriak batzuetan, Ken Zazpiren Itsasoa gara bezalako doinu lasaixeagoak bestetan.

Urbietaren lana baina, ez zen musika jartzera mugatu: tarteka koreografiak ere erakutsi zizkien-eta neska-mutikoei.

Neskak, animatuagoak

Dantzatzeko pistara begiratu bat botata, argi zegoen gorputza mugitzeko orduan, neskak lotsa gutxiago dutela, eta hala, eurak izan ziren gehiengoa. Dena den, baziren Fama eta halako saioetan ikasitako pausuak errepikatzen zituzten mutilak ere. 

Esan behar da baina, dantza eta dantza artean ligatzen den edo ez galdetuta neska-mutikoek baietz aitortu arren, abesti geldoetan taldekako dantzak gehiago zirela bikoteak baino. Urtarrilaren 29an bihurtuko da berriz ere dantzaleku Zabalotegi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak