Baina nor zen Mari Justa? Iñigo Olañetak (74 urte) eta Luis Mari Gutierrez (66 urte) auzotarrek ondo gogoratzen dute. Luis Mari Gutierrezek hitzetan, "Idarraga Azpikoa baserriko maiorazkoa zen eta gure sasoiko ume guztiek ezagutzen zuten, Bergaran eta inguruko herrietan ere bai. Jairik jai ibiltzea atsegin zuen eta Madrilera edo Zaragozara ere joaten zen. Jaiak non, Maria Justa han". Iñigo Olañetak gehitzen duenez, "Mallabiko Pedro Jose Astarloarekin ezkondu zen, baina ez zuten seme-alabarik izan. Bi tapako zestoa eskuan, Eibarrera edo Bergara jaisten zen Mari Justa, baserriko produktuak saltzera eta inor ez zen geratzen Mari Justa agurtzeke".
San Pauloko kanpai-hotsak
Antza, Mari Justa 1884an jaio eta 1976an hil, heriotza datarekin oraindik ere zalantza dezente dagoen arren. Edozein modutan, halaxe jaso dute aurtengo jaien egitarauan. Omenaldiaren arrazoia nagusia zera da: Mari Justak, oinordekorik ez zuenez, auzoari hiru milioi pezeta inguru utzi zizkion, baldintza bakar batekin: haren nahia baserritik San Paulo elizako kanpai hotsak entzun ahal izatea zen eta elizako erloju berria, hain zuzen, Mari Justaren heriotzaren aurretik jarri zuten. Ondoren, 1980ko hamarkadaren hasieran, elizaren berritzea egin zuten auzolanean, Mari Justaren dohaintzari esker. Eliza jausteko arriskuan zegoen garai hartan. Idarraga Azpikoa baserriari dagokionez, Rufino Zenitagoia zenak gotzaindegiari erosi zion Mari Justa hil ondoren.
Mari Justa gogoan, esan bezala, jaiak egubakoitzean hasiko dira. Asteburuko ekitaldiez gain, martitzenean, hilaren 25ean, San Paulo Eguna ospatuko dute. Mezaren ostean salda eta txistorra izango da; eguaztenean ere bai, San Paulo Txiki ospatzeko.