Oraindik ere urtean behin batzen dira, San Martzial egunaren bueltan, sasoi hartan Bergaran EAJko zinegotzi izandakoak. Bederatzi lagun ziren eta bi baino ez dira falta, Zabala alkate ohia eta Floren Yarza. Gaur egun gutxi ateratzen da etxetik Nere eta han hartu gintuen egubakoitzean, beti bezain jator.
Nola eman zenuen politikan hasteko pausoa?
Javier Ilzarbek, orduko Bergarako EAJko presidenteak proposatu zidan zerrendan joatea eta Ferminek, gizonak animatu ninduen; betitik oso politikeroa nintzela eta baietza emateko, etxean lagunduko zidala. Udaletxeko kontuetan ez geneukan esperientziarik, jakina, baina ilusioa bai. Birjinak ginen nolabait esatearren eta gehiengoarekin gobernatzea egokitu zitzaigun. Hala ere, bestelako alderdiekin harreman onak genituen. Oker ez banago, HBk bost zinegotzi zituen eta PSE-PSOEk, EMKk eta EEk bana. Jesus Mari Garitano zen EMKko zinegotzia eta hirigintza kontuetarako sentsibilitate berezia zeukan ordurako.
Eta nolako alkatea zen Jose Antonio Zabala?
Munduko onena. Pertsona zoragarria zen, denekin ondo konpontzen eta besteei entzuten zekiena. Familia Donostian zeukan eta sakrifizio handia egin zuen herriaren alde. Bere aita, Perico, gerra aurreko udaletxeko azken idazkari demokratikoa izan zen eta Jose Antonio, demokrazia garaiko lehen alkatea. Gerra ostean Ondarretako espetxean egon ziren Perico eta Luis Zabala, gure aita [Marcos Mujika], Eustakio Agirre Prakamotz, Gracian Agirre eta beste hainbat.
Agintaldi bakarra egin zenuen udaletxean...
Bai. Egia esateko, zenbaitetan, bereziki presoen aldeko mozioak aztertzen zirenean, asko sufritzen genuen udaletxean, denetik entzun behar izaten genuen. Norberaren herrian horrelakoak jasatea oso gogorra da eta nahiago izan nuen politikatik zertxobait aldendu, nahiz eta gertutik jarraitzen nuen. Zinegotzi jarraitzeari uko egin nion: behin eta nahiko.
Handik gutxira EAJren zatiketarekin nahiko sufrituko zenuen...
Bai, 1986an etorri zen zatiketa. Oso kontu larriak gertatu ziren eta argi izan nuen Eusko Alkartasunarekin joatea. Jose Antonio Zabalak, Alberto Bolibar edo Ricardo Otaño orduko zinegotziek ere bide bera aukeratu zuten... Bergarako EAko presidentea izan naiz urtetan, baina gaur egun politikarekin zertxobait desilusionatuta nago, egia esateko.
Zuen sasoian Bergaran egindako lanetatik bereziena, zein?
Nahiko gauza egin ziren: Mizpirualde martxan jarri, saihesbidea (Garaikoetxea etorri zen inauguraziora), Usondo parkea ere sasoi hartakoa da, Rekalde jauregia prezio onean erosi genuen (erdia Bergarako herriari oparitu zioten jabeek), Errotalde berritu zen...
Eta bitxikeri bat: EAJko zinegotziok ez genuen kobratzen eta diru harekin bi plaza txiki egin ziren, Batzoki aurrealdekoa eta Orueta etxearena [Egino Mallea].
Tejeroren estatu kolpe famatua ere ordukoa da...
Udaletxean ginen eta norbaitek deitu zuen horren berri emateko. Irrati bidez jarraitu genuen kolpea, Batzokira joan ginen.... eta erregeak berba egin zuenean orduan lasaitu ginen. Batzokitik paperak ateratzen hasiak ziren ordurako... Gizonak deitu zidan eta etxera joan ginen gero. Inor ez zebilen kalean. Susto ona hartu genuen denok.