Bergara, sasoi betean: 4-0 irabazi dio Oiartzuni

Edu Mendibil 2011ko urt. 15a, 21:16

Bergarak aise irabazi dio gaur Oiartzuni Agorrosinen: 4-0. Oiartzuarrak Bergararen aurretik dira sailkapenean, bosgarren tokian, baina gaurko garaipenari esker puntu bakar batera dira orain mahoneroak. Iñigo Macho izan da partiduko protagonista, hiru gol sartuta. Agirre kapitainak egin du bestea. Datozen bi partiduak etxetik kanpo jokatuko ditu Bergarak, Berion eta Tolosan.

Hainbat daturekin laburtu daiteke gaurko partidua: Oiartzunek 10 gol jasota zituen orain arteko 17 jardunaldietan. Bergarak lau egin dizkio 45 minututan. Lau horietatik hiru Iñigo Machok sartu ditu. Esan beharrik ez dago lehen zatian bukatu dela partidua. Bergarak zortzi partidu darama galtzeke. Horrez gain, 623 minutu egin ditu honez gero golik jaso gabe. Mondrak egin zion azkena, azaroaren 27an. Seigarren postuan dago Bergara eta ligako partidurik onenetakoa egin dute gaur Oskar Maiztegiren mutilek. Gauzak horrela, pozik etxeratu dira Agorrosinen batutako zale bergararrak.

Zaila da jokalari bat edo beste nabarmentzea baina Macho golegilearen lanaz gain, erasoan Ilzarbek eta Crespok lan aparta egin dute. Machoren lehenbizko bi goletan erabakigarria izan da haien ekarpena. Atzean zein erdialdean ere sendo ibili dira etxekoak. Taldearen azken partiduei erreparatuta, argi dago gorako bidean dela Bergara.


Esan bezala, bigarren zatian soberan geratu da. Partidu lasaia izan arren, zortzi txartel atera ditu epaileak. 7 euro ordaindu  behar dute taldeek txartel bakoitzeko. Federazioaren zerga, egoera ekonomiko larrian diren taldeei mina egiteko modua.

Bergara: Lopez, Oregi (Elorriaga, 75. min.), Arruti (Garitano, 77), Arazkonaga, Nafarrate, Agirre, Crespo, Balzategi (Igartua, 63), Macho (Ibañez, 60), Ilzarbe eta Cabanillas (Navas, 56).
Oiartzun: Olaziregi, Gorka (Bereziartua, 46), Josu, Loperena (Boada), Beñat, Enekoitz, Endika, Urtzi (Unai, 46), Aritz (Josu, 51), Eñaut eta Jon.

Bestelakoak: Matellanes epailea, Tejero eta Carasa marrazainen laguntzarekin. Oiartzungo lau jokalariri atera zien txartel horia eta etxekoen partetik Oregi, Arruti eta Ilzarberi. 200 ikusle inguru Agorrosinen. Giro atsegina. Golak: 1-0 Macho (min. 5). 2-0 Agirre (min. 30). 3-0 Macho (min.37). 4-0 Macho (min. 41).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak