Erretzen ari denaren aurrean euren eginbeharra zehazki zein den jakin gura dute gure ostalariek

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko urtarrilaren 14a

15 egun pasa dira tabakoaren kontrako lege berria indarrean jarri zenetik. Gurean, Mikel Aiestaran Gipuzkoako Ostalarien elkarteko kudeaketa arduradunaren arabera, "normaltasunez" ari da errespetatzen.
Gipuzkoako ostalariek badakite tabakoaren kontrako lege berria hobea izango dela osasunarendako baina eurak bezeroen alde egin behar dute: "Erretzaileak eta ez-erretzaileak diren bezeroak ditugu eta terrazarik ez duten ostalariak batez ere, erretzaileak diren bezeroak galduko dituzten beldur dira", dio Aiestaranek. Ostalariendako batzar informatiboa egin zuten atzo Lasa jatetxean, Gipuzkoako Ostalarien elkarteak deituta.

Tabernara joateko ohitura oso zabalduta dago gurean, hori ukaezina da. Bada, Aiestaranen arabera, lege berriak bezero kopuruan eragin duen esateko "goizegi" da oraindik: "Batzuk esan digute igarri dutela jende gutxiago dabilela baina datu horiek emateko apiril edo maiatzera arte itxaron beharko dugu". 
 

Arau-hauslearen aurrean, zer?

Joan den eguenean batzar informatiboa egin zuen Gipuzkoako Ostalarien elkarteak Lasa jatetxean. Batzarraren helburua zen ibarreko ostalariei legea zehatzago azaldu eta euren kezkak jasotzea. Ondorio garbi bat atera zuten bileratik: gure ostalariek ez dakite nola jokatu behar duten, tabernan erretzea debekatuta dagoela iragarri ostean, araua hausten duenarekin: "Erretzea debekatuta dagoela iragartzeko kartel eta pegatinak jarri behar direla dio legeak eta ez-erretzaileendako erreklamazio orriak izan behar ditugula, baina ez du zehazten zer den araua hausten duenaren aurrean egin behar duguna", dio Aiestaranek. Izan ere, tabernari gehienek argi dute ez dutela polizia lanetan ibili nahi: "Eusko Legebiltzarrari eskatu diogu arau sinple batekin arautu dezan 'erantzunkizun solidarioa' deitzen duten hori". Ezustekorik ezean, otsailean ezarriko da legea EAEn eta isunak ekiditea da nahi dutena.
 

Espainian eta hemen lege bera

EAEn legea zorrotzagoa izan behar zela zioten baina ez da hala izango, legea bakarra izango da denondako. "Logikoena" da, Aiestaranen ustez: "Legea ezberdina izateak nahasmena sortuko luke, besterik ez". Beraz, elkarte gastronomikoetan erre daiteke, oraingoz. Hala ere, ostalariek ez dute begi onez ikusten: "Espainiako legeak ez ditu tabernak eta elkarteak bereizten, elkarteena hemengo errealitatea delako. Eusko Legebiltzarrak arautu beharko luke, baina tabernetan erre ezin daitekeen moduan, elkarteetan erretzea debekatuta egon beharko lukeela uste dugu".

Bestalde, gauean arazoak izango direla uste dute ostalariek: "Gauean jende eta mugimendu gehiago dago eta 23:00etatik aurrera ezin dira tragoak kalera atera. Horrek bizilagunen kexak ekarriko ditu eta arazo eta kezka berriak izango dira". Azkenik, tabakoa ez saltzea erabaki dute batzuek; Aiestaranen ustez, ostalari bakoitzak erabaki beharko luke saldu edo ez. Hori bai, tabakoa ez saltzea "logikoa" dela deitzo; kaxa bakoitzeko 15 zentimo irabazten dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak