Manex Azula: "Gaurko entrenamenduan erabakiko dut munduko txapelketako inaugurazioan zein salto egin"

Jon Berezibar 2011ko urt. 14a, 12:45

Manex Azula rider gaztea –15 urte– Bartzelonako Palau Sant Jordin egingo duten big air proban izango da bihar, munduko snow txapelketako inaugurazio ekitaldian: "Horrelako gonbidapen bat jasotzeko, dauzkazun babesleek zeresan handia dute, baina baita denboraldian zehar egindako lanak ere". Bergarako riderra gazteegia da lehiatzeko, baina   'big air' proban lehen saltoa egiteko gonbidatu dute.

 

 

Bergarakoak orain estreinatuko du txapelketen denboraldia, baina iaz, besteak beste, Espainiako txapeldun izan zen, eta Europan barrena egindako txapelketetan daukan abilezia erakutsi zuen. Hortik etorri zaio bihar Bartzelonako inaugurazio ekitaldian parte hartzeko gonbidapena. 

'Saltoa ikusi behar dut' 

Palau Sant Jordin egingo duten big air proban 17.000 ikuslerendako tokia izango da, eta Azulari lehenengo saltoa egitea egokituko zaio: "Oraindik ez dut pentsatu ze salto egin. Hori egubakoitzean [gaur] erabakiko dut, entrenamenduetan zelako saltoa den ikusi eta gero. Kanpotik ikusterakoan horrelako arrapalek inpresioa eragiten dute, baina probatzen hastearekin batera beldur guztiak uxatzen ditugu. Atera berri dudan azken trukua Backside 720 corck izan da, baina, esandako moduan, oraindik ez dakit big air horretan ze salto egingo dudan", adierazi du. 

Gainontzekoak, La Molinan 

Bartzelonan egingo duten munduko txapelketan snowboardeko sei modalitate izango dira, eta, big air proba kenduta, gainontzeko probak La Molina estazioan egingo dituzte (300 lagunek inguruk hartuko du parte). Hala, Azulak datorren urtean puntuak batzen baditu hitzordu horretan parte hartu ahal izango du. Oraingoz, baina, gonbidapenarekin konformatu beharko du: "Oso pozik noa; ez dut txapelketetako presiorik izango, baina, salto bakarra denez, ondo egiten ahalegindu beharko dut".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak