Askotariko 51 artelan Aroztegin, Aranzadiren eskutik

Edu Mendibil 2011ko urtarrilaren 14a

Bergarako Aranzadi ikastolaren 40. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien barruan, arte erakusketa zabalduko dute gaur, hilak 14, Aroztegi aretoan. 51 lan batu dituzte eta erakusketa urtarrilaren 30era arte izango da ikusgai.

Gaurko irekiera ekitaldia 19:30ean izango da; Edurne Barrutiak eta Begoña Lasagabasterrek musika piezatxo bat eskainiko diete bertan batutako artista eta herritarrei.

Antolatzaileek parte-hartze zabala lortu dute erakusketarako. 40 urteotan Aranzadi ikastolatik igarotako irakasle, ikasle eta gurasoek euren artelanak utzi dituzte. Era berean, hildako bi ikasle ohiren lanak ere ikusgai izango dira Aroztegiko erakusketan: Kutxu Otamendi eta Mikel Diez margolarienak, hain zuzen ere.

Artisten lan bana jarri dute Aroztegiko aretoan; margolanak, eskulturak eta argazkiak tartean. Eguen goizean Manu Muniategiandikoetxea eta Juanjo Altuna ari ziren erakusketa aretoan, azken ukituak ematen. Muniategiandikoetxeak azaldu zigunez, Alexander Rodchenko artista errusiarraren (1891-1956) lanean oinarritutako eskultura jarri du. Aretoaren sarreran jarri dute nº9 izenburuko maketa eta haren itzalak ere garrantzia dauka. Juanjo Altunak, berriz, Calle Mayor margolana jarri du. Haren seme-alabak Aranzadi ikastolan jardundakoak dira, eta gustura jaso zuen Altunak erakusketan parte hartzeko gonbitea.

Partaideen artean, belaunaldi askotariko egileak batu dituzte: Miguel Lazpiur, Jabier Zabala, Luis Laskurain, Anton Arrillaga, Ramon Arantzabal, Joxean Iza, Jon Andoni Urisabel, Usoa Mendikute, Oihana Garitano, Maddi Muxika, eta abar.

Erakusketa, esan bezala, urtarrilaren 30era arte izango da ikusgai: martitzenetik egubakoitzera 18:00etatik 20:30era; zapatuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta domeketan goizez bakarrik, 12:00etatik 14:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak