"Barruak eskatzen zigun jada diskoa grabatzeko garaia zela"
Lehenengoko diskoa zer eta zuzen zuzenean grabatzea ez da ausarkeria?
Guk, azken finean, grabatzerakoan, aldi berean jotzen dugu, zuzenean egongo bagina bezala. Aurreko bi maketak ere hala grabatu genituen eta iruditu zitzaigun diskoa ere zuzenean bezala graba genezakeela eta gainera lagunak gonbidatu. Hala ere, ez genuke esango hau lehen diskoa denik, baizik eta egiten dugun gauza bat gehiago. Proiektuaren jarraipena da eta inoiz ez da berandu. Gure martxari eusten diogu.
Bitxia da 2005etik jotzen jardun duen taldea izateko bi EP soilik kaleratu izana.
Kontzertu asko egin dugu baina, ezin zenbatzerainoko kopurua. Ze, zuzeneko taldea izan gara beti. Gure esentzia hor dago eta diskoan ere zuzenekotasun horri eustea nahi dugu. Horren ondorioz gure abestiak oso aldakorrak izaten dira, zuzenean ibiltzen garelako gehiago.
Azken EPtik bost urte igaro dira . Eboluzio urteak izan dira?
Konfiantza asko irabazi dugu eta agian soinu aldetik gitarra elektrikoak sartzea izan da urratsik handiena. Diskoak guretzat duen garrantzia da lanari epe bat ipintzen diola, "hau da orain arte egin duguna, honela geratzen da". Hurrengo pausua ere erraztu egiten du diskoak.
Oso "unean unekoa" da hortaz zuen planteamendua.
Bai, eta beti aurrera egiteko gogoz. Diskoarena barruak jada eskatzen zigun zerbait zen, garaia zela.
Eta diskoan zer da aurkituko duguna?
Ba, ez dakigu, ze guk gauza horiei buruz ez dugu sekula ere hitz egiten. Agian lehenago leunagoak ginen eta orain gogorragoa da egiten duguna. Abesti tristeak ere ez dira hainbeste...
Kontzertuak lortzea erraza da?
Guk uste dugu Euskal Herrian badagoela kultura handia eta gainera areto asko dago. Beste leku askotan baino gehiago, egia esan. Zure aldetik ere ipini beharra duzu eta badauka sakrifizio apur bat baina guri orain lehen baino askoz gehiago deitzen digute eta asko eskertzen dugu.