Bergarako Udalak datorren astean hasiko ditu batzarrak herritarrekin, plan estrategikoa egiteko

Arritxu Barruso 2011ko urt. 4a, 16:47
  • "Datozen hamar urteetan nola erantzungo diogu krisi energetikoari?"
  • "Nola zainduko ditugu Bergarako natura baliabideak?"
  • "Non eta nola aparkatuko dugu?"

Galdera horiek eta beste asko erantzun nahi ditu Bergarako Udalak. Herritarrekin batera plan estrategikoa egin nahi du apirilera bitartean eta bilera irekiak hasiko ditu. Udal Gobernuaren asmoa da Aste Santurako esku artean izatea 2020 urtera arteko udalerriko plan estrategikoa.

Asmoa da herritarrek Bergara gaur egun nola ikusten duten aztertzea eta horrekin batera hamar urte barru bergararrek nolako herria nahi duten irudikatzea, eta horretarako estrategiak proposatzea.

Plan Estrategikoa gauzatzeko prozesu parte-hartzaileak bi lan-ildo izango ditu. Alde batetik arlokako bost lantalde osatu dira: biztanleria, garapen ekonomikoa, herriko zerbitzuak eta ekipamenduak, lurralde antolamendua eta ingurumena, eta herrigintza. Udalak arlo horietako bakoitzeko eragileak eta herritarrak elkartu ditu eta arlo bakoitzak hiru bilera egin ditu.

Bada, orain Udalak bigarren lan-ildoa hasiko du. Datorren astean, herritarrekin bilera irekiak hasiko ditu. "Herritarrak hiru taldetan banatuko ditugu Bergarak errealitat desberdinak dituelako: Landa eremua, herrigunea eta herrigunea inguratzen duten auzuneak", azaldu du Agurne Barruso alkateak. Talde bakoitzarekin bi orduko lau bilera egingo dira. Guztiak ere osoko bilkuren aretoan izango dira 19:00etan.

Landa eremuko herritarrekin bilerak urtarrilaren 11n, urtarrilaren 25ean, otsailaren 22an eta martxoaren 8an izango dira (martitzenak); herrigunekoekin bilerak urtarrilaren 12an eta 26an, otsailaren 23an eta martxoaren 9ean izango dira (eguaztenak); azkenik, herrigunea inguratzen duten auzuneetako biztanleekin bilerak urtarrilaren 13an eta 27an, otsailaren 24an eta martxoaren 10ean izango dira (eguenak).

Agintaldia amaitzera doala-eta Bergarako Udal Gobernuaren asmoa da hurrengo agintaldirako etorkizunerako estrategiak eta asmoak finkatuta uztea. "Gorbernura iritsi ginenetik esan izan dugu Bergarako Udalak azken urteotan epe luzerako asmoen gabezia izan duela, ez duela jakin epe luzera begiratzen", adierazi du Barrusok.

Udal Gobernuaren asmoa da Aste Santurako esku artean izatea 2020 urtera arteko udalerriko plan estrategikoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak