Agurne Barruso: "Udal Gobernua oso haserre dago Aldundiak hartutako erabakiarekin"

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko abe. 28a, 11:07

Agintaldia bukatzeko sei bat hilabete falta direla, Agurne Barruso alkateari elkarrizketa egin zioten Goiena Telebistako Magazinea saioan. Gai askoren gainean jardun zuten eta horietako bat izan zen Seminarioa-Arrizuri trukea. Hemen duzue elkarrizketa osoa ikusi eta entzuteko aukera.

Hain justu ere, Maria Jesus Aranburu Kultura eta Euskara diputatuak duela bi aste eskas esan zuen Batzar Nagusietan egindako agerraldian, Aldundiak ez duela truke hori 2011ko iraila aurretik hartuko.

Barruso alkateak, Diputatu nagusia eta UNED patronatuko lehendakaria Markel Olano dela zehaztu eta gero, zera esan zuen Aranbururen hitzen harira: "Muzin egin diote, bai Bergarako udalbatzak alderdi guztien adostasunarekin –euren alderdiarena izan ezik– egindako proposamenari eta baita, Batzar Nagusiek –berriz euren alderdiak eta Hamaikabatek izan ezik– egindako eskaerei. Hortaz, garbi esan daiteke ez diela axola zer esaten duen inork, alderdi interesak tartean daudenean. Nahiz eta gero, herriz herri ibili kudeaketa eredu berri bat aldarrikatzen". Eta gehitu zuen: "Udal gobernua oso haserre dago hartutako erabakiarekin, izan ere, gauza bat da gustuko erabakia hartzea ala ez, baina beste bat da inori kasurik ez egiteko prepotentzia hori erakustea".

Aldundiaren erabakiaren aurrean zer egingo duten ere azaldu zuen: " Orain guztioi tokatzen zaiguna da birkokatzea. Trukearen erabakia aurreratzeko askaria egin genuen Batzar Nagusietan Aralarren bitartez, eta erantzuna jakin dugu duela egun batzuk. Orain, tokatzen zaigu pentsatzea egoera honen aurrean zein izango den gure jarrera: alde batera laga, edo beste bide batzuetatik hori bultzatu". Izan ere, "trukearen ezezko horren aurrean Udalak Seminarioko elizarekiko daukan interesa ere aztertu egin beharko du. Igual eliza bakarrik ez delako interesgarriegia herriarendako".

Udalak izan dezakeen etorkizuneko plangintzan ez ezik, Aranzadi ikastolarengan ere badu eragina erabakiak. Hain justu ere, egokitze lanak egiteko zain dago ikastola eta astelehenean egindako Uned patronatuaren batzarrean gai horren gainean berba egin zutela azaldu zuen Barruso alkateak: "Aranzadi prekarioan dago; ez dago inongo konstantziarik inon, Aranzadi Seminarioan dagoenik eta Unedek hainbat metro laga dionik. Horregatik, patronatuaren batzarrean planteatu genuen lehentasunezkoa dela Aranzadiren egoera erregularizatzea. Batetik, erregularitzatzea bera delako ona eta bestetik, Aranzadik obrak egin ahal izateko". 

Eguneko zentroa zabaltzear

Handitze eta egokitze lanak otsailean bukatu zituzten arren, oraindik ere ez du zabaldu Aldundiak eguneko zentroa. Horren gainean galdetuta, alkateak esan zuen abenduan zabalduko dutela: "Aldunditik jakinarazi digute erabiltzaileak dagoeneko abenduan etortzekoak direla eguneko zentrora, hau da, ateak zabaltzear dituela eta dagoeneko kokatuta daudela orain arte Antzuolako zentrora joaten ziren erabiltzaileak, eta baita itxaron zerrendan zeudenak ere. Inaugurazio ofiziala urtarrilean egingo dutela ere aurreratu dute".

Alkategai izango zara?

Datozen Udal hauteskundeetan alkategai izango ote den ere galdetu zioten Barrusori Magazinea-n: "Bada, hori, neuk eta Bergarako ezker abertzaleak erabaki beharko dugu eta oraindik ez dago ezer erabakita. Orain arte zentratu gara beste gauza batzuetan: herriko diagnostikoa egiten, edukiak lantzen... eta Udal hauteskundeetarako ze talde osatuko den bigarren fasean etorriko da. Izan ere, alkategaiarekin batera zinegotziek osatzen dute zerrenda. Urtarril aldera hasiko gara hori osatzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak