Auzoko egitasmoa: euskaldunak eta etorkinak elkarrekin euskara lantzen

Auzoko egitasmoa: euskaldunak eta etorkinak elkarrekin euskara lantzen

Auzoko programa Euskal Herriko sei tokitan jarri dute abian; Bergaran kasu. Agurain, Berriatua, Donostia, Orio eta Zeanuri dira egitasmoa jaso duten beste herriak. Topaguneak eta UEMAk jarri dute abian Auzoko eta Bergaran Jardun elkartea arduratzen da egitasmoaz, Udalaren laguntzaz. Aner Arregi arrasatearra dabil koordinatzaile lanetan.

Elkartrukea da Auzokoren ardatzetako bat. Etorkin kopuruaren handitzearen aurrean, egoera horri etekin gehien atera nahi zaio. Esan bezala, elkarrengandik ikasteko egoerak sortzea proposatzen du Auzokok. Lagun taldeak sortu eta erlazio berri horiek euskaraz eraikitzeko egoerak bultzatzea da asmoa. Aner Arregiren hitzetan: "Euskara perfektua egiteari baino, komunikazioari ematen diogu garrantzia. Euskaraz komunikatzen saiatzen gara eta errepikapenen bidez eta betiere modu ludikoan euskara lantzen dugu saioetan". Bergarako kasuan, zazpi lagun ari dira Auzokon parte hartzen. Irailaren erdialdean hasi ziren biltzen eta astean bitan egiten dituzte saioak: zapatuetan 11:30ean eta martitzenetan 19:00etan elkartzen dira Arrizurin.

Auzotarrak eta auzokideak
Auzokoko programak auzotarrak eta auzokideak bereizten ditu. Auzotarrak euskaraz bizi diren herritarrak lirateke eta auzokideak, berriz, egunero euskaraz bizi nahi dutenak. Auzotarren sentsibilizazio lana ezinbestekoa da. Bergaran, lauzpabost lagun ari dira etorkinei euskara ikasten laguntzen.

Erantzukizuna, denona
Martitzeneko saiora bost lagun azaldu ziren. Helduaz bat, banan-banan aurkezten joan ziren eta Aner Arregiren galderei erantzuten saiatu ziren. Keinuek ere berebiziko garrantzia dute hasierako saioetan. Guztia da lagungarria komunikatzeko ahaleginetan. Jolasak eta musika ere erabili zituzten. Hain zuzen, etorkinak euskarara erakartzea da helburua. Eta euskaldun guztien erantzukizuna azpimarratzen du Arregik: "Esate baterako, okindegira ogia erostera joan eta 'egun on!' esateaz bat '¡buenos días!' erantzun ziotela komentatzen zidan haserre auzotar batek aurrekoan. Guk ez badiegu laguntzen eta animatzen, nork egingo du ba?".

Euskara erabili eta herri bizitzako komunikazio-tresna izateari eusten diogun heinean, inolako zalantzarik gabe etorkinek euskara ikasiko dutela argi daukate arduradunek: "Auzokide askok bigarren eta hirugarren hizkuntza bereganatuak dituzte eta hizkuntza berri bat bereganatzeko prozesua ondo ezagutzen dute dagoeneko; euskaraz bizi izateko aukera eman behar diegu". Oraingoz, pozik daude egitasmoak izandako erantzunarekin; izan ere, bidea lehen pauso batekin hasten da beti.