Aldundiak ez dauka asmorik Seminarioa-Arrizuriaga permuta aurreratzeko

Monika Belastegi Aranzabal 2010eko abenduaren 13a

Hala adierazi du Maria Jesus Aranburu Kultura diputatuak, Aralarrek eskatuta Batzar Nagusietan egindako agerraldian

Aralarrek aditzera eman duenez, "Diputazioak ez du inongo asmorik Seminarioa-Arrizuriaga truke edo permutaren inguruan Batzar Nagusiek agindutakoa betetzeko", eta kritikatu egin du jarrera hori, erredakziora bidalitako oharrean.

Hain justu ere, ekainaren 24an Batzar Nagusiek ebazpen bat onartu zuten Seminarioaren eta Arrizuriaga jauregiaren arteko permutaren aldeko erabakia 2010eko irailaren 10a aurretik har zezan Foru Aldundiak, modu horretan, Bergarako UNEDen egoitza Arrizuriaga jauregian kokatu ahal izateko. Ekimen hori Bergarako Udalaren eskaria aintzat hartuta bideratu zuten.

Ebazpen horren betearazpenaren gainean informazioa eskatuz agerraldia eskatu zuen Aralarrek Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Maria Jesus Aranburu Kultura eta Euskara diputatuak aurreko astean egin zuen agerraldi hori. Han, erabakia beteko zuen ala ez galdetu zion Aranbururi Aralarrek, eta eledunak, Rebeka Uberak azaldu duenez, "batzordearen aurrean argi eta garbi utzi zuen Aranburuk Diputazioak ez duela inongo asmorik Batzar Nagusietan hartutako erabakia betetzeko". Eta gehitu du: "Diputazioak bere erantzunean nabarmendu zuen, Seminarioan inbertsioak egin dituztela eta orain guztiak pozik daudela". Horrekin guztiarekin, honakoa ere kritikatu du Uberak: "Permuta egiteko orduan eragozpen nagusiena kostu ekonomikoa zela esan zitzaigun eta orain, aldiz, milioi bat euro inguruko inbertsioa egiteko arazorik ez dute izan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak