Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako extremadurarren elkarteetako bederatzi abesbatzek parte hartu zuten Bergarako jaialdian, euren jaioterriko Gabon kantuak ikusleei gerturatzeko. Besteak beste, Errenteria, Santurtzi, Bilbo, Legazpi, Ermua, Tolosa, Astrabudua, Donostia, Gasteiz eta Galdakaoko extremadurarren elkarteetako abesbatzak izan ziren bertan.
Euskal kulturarentzako ere txokoa egin zuten, eta ohorezko aurresku batekin hasi zuten ekitaldia. Bestetik, Federazioko koroek kantatu ostean, Arrasateko abesbatzak bere tokia hartu zuen eszenatokian eta euskal Gabon kantak abestu zituen. Ekitaldia amaitzeko, azkenik, bi herrialdeetako ereserkiak jarri zituzten.