Amodiozko gutunen lehiaketan sari berezia egongo da 50etik gorakoentzat

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko abe. 13a, 14:04

Adin horretatik gorakoen parte-hartzea bultzatu nahi du Jardun elkarteak

Dagoeneko martxan dago beste urtebetez Jardun euskara elkarteak antolatzen duen amodiozko gutunen lehiaketa. XIX. aldia du aurten lehiaketan eta berrikuntza nagusiena da 50 urtetik gorakoendako sari berezia sortu dutela aurten: "25-30 adin tarteko gazteen gutunak jasotzen ditugu gehien; bada, jende nagusiagoaren gutunak ere jaso nahi ditugu", esan dute antolatzaileek, Jardun euskara elkarteko kideek. Hori horrela, "50 urtetik gorakoendako sari berezia sortu dugu, adin horretatik gorakoen parte-hartzea sustatzeko asmoz", gehitu dute.
Horrekin guztiarekin, hauek izango dira aurtengo sariak: lehenengoa, 500 euro; bigarrena, 250 euro; herriko gutun onenari, 150 euro; 26 urtetik beherakoen onenari, 100 euro; eta 50 urtetik gorakoen onenari, 100 euro.
Epaimahaiari dagokionez, literatura eta kultura arloko pertsona ezagunek osatuko dute, ohi bezala, eta horiek aukeratuko dituzte sari guztiak gazteendako saria izan ezik. Sari hori herriko ikastetxeetako ikasleek osatutako epaimahaiak erabakiko du.

Ohiko oinarriak 

Amodiozko gutunen lehiaketa horretan 1996an edo lehenago jaiotako edozein pertsonak har dezake parte. Lan guztiak jatorrizkoak, argitaragabeak eta euskaraz idatziak izan beharko dira. Bestalde, gutun forma izan beharko dute eta DIN A-4 orritan eskuz zein ordenagailuz idatzita aurkeztu ahal izango dira. Lanen luzera ezin izango da bi orrialde baino gehiagokoa izan.
Posta arruntez bidaltzeko, egilearen datuak kartazal txiki baten sartu ondoren, kartazal hori eta gutuna beste kartazal handiago baten sartu behar dira. Helbide honetara bidaliko dira: Amodiozko Gutunen XIX. lehiaketa, Jardun elkartea, Errotalde jauregia z/g, 20570 Bergara.
Posta elektronikoz bidaltzeko, gutuna fitxategi baten bidaliko da gutuna izenarekin eta egilearen datuak egilea izeneko beste fitxategi baten. Helbide honetara bidaliko dira: amodiozkogutunak@euskalerria.org.

Mugaeguna: urtarrilaren 7a 

Lanak jasotzeko azken eguna urtarrilaren 7an izango da eta sari ematea, otsailaren 14an, San Valentin eguna, kultura etxean, 19:00etan, egingo den ekitaldian. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak