Ezker abertzaleak bukatutzat eman du herriko egoeraren gaineko azterketa

Goiatz Arana Begiristain 2010eko abenduaren 12a

'Adorez eta Ilusiñoz' izenburupean, jardunaldiak egin ditu ezker abertzaleak eta, horiekin, bukatutzat eman du herriko egoeraren gainean bi hilabetetan egindako hausnarketa. Prozesu parte-hartzailea eta emankorra izan dela azaldu dute: "Ehundik gora lagunek parte hartu dute eta, euren ekarpenei esker, orain Bergarako egoeraren argazki erreala daukagu".

Egindako diagnostikoa herritar eta eragile sozialei aurkeztuko diete datozen asteetan, iritziak jaso eta hurrengo urratsak prestatzeko: herri programa zehaztu eta udal hauteskundeetarako hautagai zerrenda osatu.

Zapatuan, giza katea

Bestalde, zapaturako, hilak 18, mobilizazio "irudimentsu" batean parte hartzeko deia luzatu dute: "12:30ean frontoian hasita eta herriko gune garrantzitsuetan barrena, giza kate jendetsua egingo dugu, historikoak izan diren uneak eta pertsonaiak gogoratuz –Jose Luis Elkoro eta alkateen mugimendua, Telesforo Monzon eta Olaso dorrea–, hitzez, kantuz eta bertsoz lagunduta". "Legeztatzea lortzeko, alderdi politiko berriaren estatutuak aurkeztuko ditugu hurrengo asteotan Madrilen. Baina Madrilek ez du ezer oparitzen, Euskal Herriak lortu behar du ezker abertzalearen legeztatzea; egoeraz jabetu eta arduraz jokatzeko garaia da", gaineratu dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak