Erakusleiho, jaiotza eta postal lehiaketa Gabonen atarian

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko abe. 9a, 12:15

Erakusleiho lehiaketan parte hartzeko, abenduaren 13rako prestatuta egon beharko dira  

Udaleko Kultura sailak erakusleiho lehiaketa deitu du Gabonen atarian.
Ohi bezala, herriko merkataritza-establezimendu guztiak aintzakotzat hartuko dira lehiaketan, aurrez izena eman beharrik gabe. Kontuan izan behar da, dena den, abenduaren 13tik urtarrilaren  7ra bitartean, biak barne, egon beharko direla erakusketarako prestatuta erakusleihoak.
Sariak ematerakoan epaimahaiak kontuan hartuko du publizitate-mezuaren imajinazioa, originaltasuna eta eraginkortasuna, erakusleihoaren kalitatearekin batera. Bestetik, establezimenduan saltzen diren ohiko artikuluak agertu beharko dira eta horrekin batera, erakusleihoak apaintzeko gorosti, goroldio, erratz eta izei naturala ez erabiltzea erregutzen dute Udaletik.

Hiru sari egongo dira

Sariei dagokienez, hiru egongo dira: 300 euro eta garaikurra lehenengoarendako; 250 euro eta garaikurra bigarrenarendako; eta 200 euro eta garaikurra hirugarrenarendako. Epaimahaiari dagokionez, Kultura Batzordeak, Bedelkar Bergarako merkatarien elkarteak eta Beart Bergarako
arte elkarteak izendatutako pertsonek osatuko dute.
Abenduaren 20an emango dituzte jakitera erakusleiho irabazleen izenak, 15:30ean Kultura Etxean egingo duten sari banaketa ekitaldian. 
Lehiaketak irauten duen bitartean erakusleihoak argiztatuta edukitzea komeni dela ere ohartarazi dute Kultura sailetik, epaimahaiaren lana errazteko: lanegunetan, dendak ixteko ordura arte eta jaiegunetan eta bezperatan, 21:00ak arte.

Jaiotza eta postal lehiaketa

Belen eramangarrien IX. lehiaketa eta Gabonetako postalen VI.a –Serafin Esnalola memoriala– ere deitu ditu San Antonioko Gure Ametsa elkarteak.
Jaiotza lehiaketan nahi duten guztiek har dezakete parte baina hiru maila ezarriko dira: 12 urtera artekoak, 13tik 17ra artekoak, eta 18 urtetik gorakoak. Jaiotzak oinarri sendoan egindakoak izan beharko dira eta oinarri horrek 30 eta 80 cm arteko neurria izan beharko ditu alde bakoitzean.
Lanak aurkeztu behar dira hilaren 17an, 19:00etatik 21:00etara, Gure Ametsa elkartean.
Postalen lehiaketari dagokionez, 3 eta 12 urte arteko umeendako da eta hor ere hiru maila egingo dira: 3-6 urte artekoak, 7-9 artekoak eta 10-12 artekoak.
Postalen neurria orri laurdenekoa izan beharko da eta ahal bada, kartulinan egindakoa. Irudia Gabonei buruzkoa izan beharko da. Lanak aurkeztu beharko dira abenduaren 17an, 19:00etatik 21:00etara, Gure Ametsa elkartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak