Bergara eta Aloña Mendi, zapatuan Agorrosinen

Debagoieneko taldeen artean ligako laugarren klasikoa jokatuko dute Bergarak eta Aloña Mendik zapatuan (15:30). Bi taldeak aldarte ezberdinean iritsiko dira derbira; mahoneroak Mondraren kontra irabazi berri (1-2), eta txantxikuak Oiartzunen kontra kolpea jasota (1-4).

"Gure momentu onena dela esango nuke", adierazi digu aste barruan Bergarako entrenatzaile Oskar Maiztegik: "Joan den astean Mondraren kontra irabazi ostean taldea konfiantzaz dago. Gainera, asko baloratzen dut partidua galtzen hasi eta emaitzari buelta emateko gauza izan ginela. Orain arte ez dugu halakorik egin, behera etortzen ginen". Maiztegik gertutik jarraitu zuen Aloñak domekan jaso zuen 1-4koa: "Jokalariak burumakur ikusi nituen, eta egia da guri hori komeni zaigula".

Zulotik irteten, eta...
Aloñako entrenatzaile Pablo Diezek, berriz, orain dela aste batzuk izandako makalaldia gainditu dutela uste du: "Azken hiru partiduetan ez genuen porrotik izan, eta Oiartzunen kontra lehen zati txukuna egin genuen, baina egia da bigarren zatian gure gainetik pasa zirela". Biharko partiduaren gainean galdetuta: "Eguraldi honekin ez dut uste Agorrosin egoera onean egongo denik, zelaia lokaztu egingo delako, eta oinekin jokatu beharrean bihotzekin jokatzeko partidua izango da; joko on gutxi, partidu borrokatua eta detaileek erabakiko dutena".

Aretxabaletak etxean, Real Unionen kontra

Aretxabaletak domekan hartuko du Real Union (16:30). Joko aldetik kategoriako talde txukunenetakoa da Irungoa, nahiz eta sailkapenak ez duen halako bikaintasunik erakusten. Seigarren postuan daude, Aretxabaletak baino bi puntu gehiago batuta. Mondrak, azkenik, Tolosan jokatuko du zapatuan (16:30).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.