Urte hasieran esleitu nahi dute Ibaiondoko proiektua

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko abe. 3a, 14:07

Ibaiondo pasealekua ordenatzeko proiektua urte hasieran esleitu nahi du Udalak eta halaxe azaldu die asteon Agurne Barruso alkateak hango bizilagunei, osoko bilkuren aretoan egindako batzarrean.

Ibaiondo txukuntzeko proiektuan jasotzen diren egokitzapenek helburu hirukoitza dute: aparkalekuen arazoari irtenbidea ematea; erreka bazterra balioztatzea, erabilerak bateragarri eginda; eta Aspace inguratzen duen gunea txukuntzea.

Bide berria

Proiektuak aintzat hartzen du pasealeku guztia; hau da, Etxeaundi jauregi ondoko sarreran hasi eta beste muturrean dagoen zubipeko sarreraraino. Hain justu ere, bi sarrerok mantendu egingo dira, baina bide berria ere aurreikusten da.  Ziburuen ondoan noranzko bikoitzeko bidea egingo dute –6 metro zabal izango da–, Matxiategi kaletik sarrera eta irteera izango duena. Bide hori egiteak ekarriko du, besteak beste, ziburuen gunea apur bat mugitu beharra izatea, eta baita iturria ere. Hori horrela, Etxeaundi ondoko sarrera noranzko bakarreko izatera pasako da –gaur egun txandakakoa da– eta sarrera erabiliko da ondoko etxeetako garajeetara bakarrik sartzeko. Matxiategirantz irteteko, bide berria erabiliko dute garajeetako erabiltzaileek. 

Aparkalekuak ordenatuta

Guztira, 86 ibilgailurendako aparkalekuak marraztuko dituzte. Gaur egun Etxeaundiko hormaren kontra dauden 11 lekuak mantendu egingo dituzte; Aspaceren eraikinaren ezkerraldean eta eskuinaldean autoa lagatzeko bi gune aurreikusten dira. Eskuinaldekoak baterian aparkatutako 33 autorendako lekua izango du; ezkerrekoak, beste 24. 
Ibilbidean aurrera eginez, zubiperantz beste 14 autorendako lekua egongo da.

Oinezkoendako espaloia

Erreka kontran oinezkoendako –gutxienez 2,5 metroko zabalera– espaloia egingo dute eta ibilbidean –370 metro ditu– hiru atseden-gune egongo dira zuhaitz eta eserlekuekin.

Proiektuaren aurrekontua 433.204 euro da eta Udalak lanok egiteko kopuru hori baduen arren, dirulaguntza baten zain ere badaudela aurreratu dute Udaletik bertatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak