Egibarrek dio Batu Gaitezen ekimenean daudela etorkizuneko proiektuetan gidari izateko gakoak

Julen Iriondo 2010eko azaroaren 28a

Batu Gaitezen ekimenaren barruan ekitaldia egin dute domeka eguerdian Bergaran. Lehenengo, bailarako 75 alderdikide inguruk bisita gidatua egin dute herrian, eta Joseba Egibar EAJren Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak hitzalditxoa egin du gero.

Giza eskubideen defentsa eta erabakitzeko eskubidearena; bi printzipio horietan laburbiltzen dira, Joseba Egibarren esanetan, Batu Gaitezen ekimenaren zortzi puntuak. Eta printzipio horiek ondoen interpretatzen dituena izango da, Egibarren arabera, etorkizunerako proiektuak gidatuko dituena. EAJk 70eko hamarkadan –Txibertako garaietan– ere printzipio horien aldeko apustua egin zuela eta EAJren eta ezker abertzalearen arteko "lehenengo etena" orduan gertatu zela adierazi zuen buruzagi jeltzaleak domeka eguerdian Bergaran egindako ekitaldi politikoan.

Denborak arrazoi eman diela eta orain ezker abertzalea poliki poliki eurek beti defendatu izan dituzten posizionamenduetarantz doala nabarmendu zuen. Aipatutako printzipioen defentsa, dena den, tinkoa izan behar dela ohartarazi zuen, eta ez unean uneko beharren araberakoa. Ezker abertzaleak zapatuan iragarritakoen inguruan esan zuen argiago ezin dela hitz egin: "Legearen ikuspegitik ez dago inongo arazorik"; orain, zenbakiak ateratzen bazaizkie eta legez-kanporatzeen beharra-eta badute, PSE-EEk eta PPk berriz egingo dutela ohartarazi zuen: Rubalcabak ere badakiela ezker abertzalea benetan ari dela, baina ez duela gustuko, euskal politika kontrolatzen jarraitu nahi dutelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak