Toribio Jauregiren argazki erakusketa gaurtik

Txirrindulari lasterketak, iruditan delako erakusketa zabalduko dute gaur 18:30ean Bergarako Aroztegi aretoan . Toribio Jauregik (Antzuola, 1896) egindako erretratuak izango dira protagonista. Argazkiak eta txirrindularitza. Kirol horren gainean egindako 46 irudi erakutsiko dituzte-eta abenduaren 12ra arte.

Argazkilari antzuolarrak egindako erretratuetan, ziklismoaren ikuspegitik, Bergarak izan duen bilakaera ikusi ahalko da. Bildumako erretratu zaharrena 1925. urtekoa da eta berrienak 1960ko hamarkadakoak. Guztira, ziklismoaren gaineko 998 erretratu egin zituen Jauregik.


Protagonista asko


Erakusketan lau motatako argazkiak ikus daitezke: batzuk txirrindulari probatako irteeretako erretratuak dira; beste batzuk ibilbideko puntu zehatz batzuetan egindakoak; beste asko, ziklistak helmugara heltzerako unean egindako dira; eta azkenak, sari banaketa ekitaldietakoak. Horietan ikus daitezke, Jesus Arantzabal bergararra, Jesus Loroño, Honorio Agirregabiria eta Txomin Perurena,besteak beste. Herritarrak ere ikus daitezke erretratuotan.

Uzarragako lehen igoera


Toribio Jauregik egindako erretratuetan Bergaran eta inguruko herrietan egindako amateur mailako lasterketa gehienen irudiak ikus daitezke. Uzarragara egindako lehen igoera, San Martin jaietako eta Pazkoetako probak, San Antonio, San Lorentzo eta Labegaraieta auzoetan egindakoak, eta baita Algodonera San Antonio Sari Nagusikoak ikus daitezke erakusketan. Elgetan eta Oñatin egindako proba batzuetako irudiak ere jaso dituzte.


Ziklo-krosa ere bai


Erretratuez gain, ziklo-krosaren gaineko ikus-entzunezkoa ikusgai egongo da. "Muntaia berezia egin dugu, eta jarraian erakutsiko ditugu ziklo-krosari buruzko 200 irudi. Bata bestearen atzetik jarriko ditugu, zehaztuko dugu argazki bakoitza ze probatan eta non egindakoa den", esan digute udal artxiboko arduradunek. Besteak beste, Bergaran 1957. eta 1963. urteetan ospatutako Espainiako Txapelketetan egindako erretratuak.

Argazki bakoitzaren gaineko informazio bilatzeko –urtea, eguna, irabazlea,bitxikeriak…– La Voz de España egunkaria erabili dute. Orduko aldizkarietako zatiak ipiniko dituzte erakusketan. Gainera, Sociedad Ciclista Bilbainak utzitako bi garaikur (1932. eta 1932. urteetako Pentekoste sarietakoak), Eibarko Industria Museoak utzitako bizikleta (1950. urtekoa), eta orduko bizikleta batzuen zatiak erakutsiko dituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.