Honako hauek izango dira ekitaldian:
- Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia.
- Pedro Luis Arias Unibertsitate eta Ikerkuntzako Sailburuordea, Eusko Jaurlaritza.
- Agurne Barruso, Bergarako alkatea.
- Pedro Miguel Etxenike, DIPC-eko presidentea.
- Juan Antonio Gimeno, UNED-eko errektorea.
- Iñaki Esparza, UNED-Bergarako zuzendaria.
Zuzendari berria
Zuzendari berria du aurtengo ikasturtean UNED-Bergarak. Iñaki Esparza bilbotarra. 14 urtez zentroko zuzendari izan den Juanjo Alvarezen ordez. Aurtengo urrian hartu du kargua. Esparzak GOIENA paperean orain dela aste bi esan zuen batik bat "jakingura, kultura edo formazio nahia asetzeko" asmoz datozela UNEDera ikasleak. Nabarmendu zuen 3.000 ikasle inguru dituela gaur egun Bergarako UNEDek eta matrikulazioak gora egin duela azkeneko urteotan. Bestalde, azpimarratu zuen Bergarako UNEDen egoitzan, Errege Mintegian, aurten egin diren inbertsioak ikastetxea berritzeko. Lanak aurreratuta daude eta abendurako amaituko dituzte. Milioi eta erdi euro bideratu ditu UNED-Bergara Patronatuak obra horiek ekiteko.
Zientzialari ospetsua
Pedro Miguel Etxenike (Isaba, Nafarroa, 1950) zientzialaria, Euskal Herriko Unibertsitateko fisika departamenduko katedraduna da. Donostia International Physics Center-eko zuzendari; Eusko Ikaskuntzak sortutako Jakiundeko presidente; Donostiako Nanoguneko bazkideen batzordeko presidente; Innobasque-ko presidente orde. Carlos Garaikoetxearekin Eusko Jaurlaritzako kide 1980 eta 1984 legealdian, Hezkuntza eta Kultura sailburu. Principe de Asturias saria jaso zuen 1998an, Ikerkuntza Zientifiko eta Teknikoaren alorrean. Euskal Herriko ikerlari handienetakoa da.