Askotariko krisiei eta azpiegiturei buruzko jardunaldiak bihartik aurrera

Monika Belastegi Aranzabal 2010eko azaroaren 23a

Azpiegituren pilaketa eta krisi ekologiko eta ekonomikoa aztertuko dituzte, besteak beste, hainbat hitzaldiren bidez, domekara arte

Gaztetxeak eta AHTaren aukako Bergarako taldeak Krisiak (energetikoa, ekonomikoa, ekologikoa...) eta azpiegiturak izenburuko jardunaldiak antolatu dituzte eguaztenean hasi eta domekara bitartean. Antolatzaileen esanetan, "gaur egungo krisiak ikusirik (energetikoa, ekonomikoa, ekologikoa, baloreena...), hedabideetatik heltzen zaizkigun azaleko azalpenak baino, oinarrietarago jo nahiak" eroan dituzte jardunaldiok antolatzera. 
Batik bat jardunaldiok hitzaldi sorta baten eta dokumental emaldi baten oinarritzen dira. Hain justu ere, hilaren 24an, hasiko dira jardunaldiak. Pedro Prieto ingeniari, AERENeko (Baliabide energetikoen ikerketarako elkartea) kide eta www.crisisenergetica.org atariko editoreak honako hitzaldia egingo du, 19:00etan, Aroztegi aretoan: Krisi energetikoa: petrolio merkearen ondoren zer? Hazkundearen mugak.
Bigarren hitzaldia izango da eguenean, hilaren 25ean, 19:30ean, gaztetxean. Hain justu, Mikel Alvarez AHTaren aurkako asanbladako kideak Azpiegituren pilaketa Euskal Herrian: AHTa adibide gisa delako hitzaldia egingo du.

Solasaldia eta dokumentala

Egubakoitzean, hilaren 26an, solasaldia egongo da 19:30ean, gaztetxean, Krisi ekologikoa eta krisi ekonomikoa: elkarrekintzak gai hartuta. Hilario Manzanedo biologo eta Bergarako AHTaren aurkako taldeko kideak egingo du sarrera eta solasaldiaren asmoa da azaleratzen ari diren krisien arteko harreman eta elkarrekintzak ikuskatzen joatea eta jendeak duen pertzepzioak jasotzea gaia eta irtenbideei dagokienean.
Jardunaldei amaiera emateko, domekan, hilak 28, 18:00etan, gaztetxean, Collapse dokumentala ikusteko aukera egongo da. AEBetako polizia bati –droga eta elikagaien sailekoa– egindako elkarrizketa da. Dokumentala bukatu eta gero, ikusitakoaren gaineko eztabaida egongo da bertaratutakoen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak