Gaur zabalduko dute Bergarako batzokiko taberna-jatetxea

Eneko Azkarate Laspiur 2010ko aza. 23a, 15:47

19:30ean zabalduko dituzte batzokiko taberna eta jatetxea, eta inaugurazio ekitaldia 21:00ak arte luzatuko da. Bergarako Alai Taldea abesbatza izango da ekitaldian. Azkeneko urteotan itxita egon da Bergarako batzokiko taberna-jatetxea. Hilabeteotan goitik behera berritu dute eta erabat itxuraldatuta zabalduko dute gaur.

Bai Batzokiak kudeatuta

Bai Batzokia enpresari utzi dio Bergarako EAJk herriko batzokiko taberna eta jatetxea kudeatzeko ardura. Bai Batzokia enpresan batzen dira Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat batzoki, frankizia moduan; besteak beste, Zarautz, Beasain, Azkoitia, Eibar edo Durangokoak.

Bergarako batzokian ariko dira Jose Luis Lizartzaburu Mutrikuko Ametza tabernakoa eta Pablo Donofrio Mutrikuko Ormazabal jatetxean sukaldari ibilitakoa.

Lapikotxoak, menua eta karta

Tabernaz gain, bi jangela izango ditu Bergarako batzokiak. Bata, 20-25 bat lagunendako eta bestea 70 bat lagunendako. Eguneko menua eskainiko dute egunero, 13,50 eurotan (ardo onduarekin). Asteburuetan, ostera, menu berezia, 30 eurotan. Karta ere eskainiko dute. Eta, horretaz gain, pintxoak eta kazolatxoak ere bai: tripakiak, muturrak, bakailaoa, albondigak… Jangela txikian, kirol saioak-eta ikusi ahal izango dira lagun artean. Bestalde, txokolatea eta txurroak ere emateko asmoa dute arratsaldeetan.

Bergarako batzokiko arduradun berriak ostalaritzan eskarmentu handikoak dira eta, mutrikuarrak izanda, itsaskiekin prestatutako platerak eskainiko dituzte: Mutrikuko txibiak, Ondarroako legatza, itsasapoa, mendrezkak…

Batzokia egunero irekiko dute 07:30ean, gosariak-eta emateko, eta gauera arte egongo da zabalik. Zapatu eta domeketan, 10:00etan irekiko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak