Batetik, Emakume kubatarrak, Iraultza bat beste baten barruan izeneko erakusketa egongo da ikusgai –zapatuan ireki zuten– udaletxean, osoko bilkuren aretoan. Erakusketa hori hilaren 28ra arte egongo da zabalik, egunero, 18:00etatik 21:00etara eta zapatuetan, baita 12:00etatik 14:00etara ere.
Erakusketa hori zortzi informazio panelek osatzen dute. Kubako iraultzak dirauen 50 urteotan emakumeen bizitzako hainbat arlotan barrena ibilbidea egiten da panelotan. Hori horrela, besteak beste, jorratzen dira eskubide sexualak eta ugalkorrak, hezkuntza, osasuna, kultura eta emakume latinoamerikarren egoera.
Bisita gidatuak ere egingo dituzte erakusketan barrena. Bihar, martitzena, izango da bisita gidatuendako eguna eta egingo dituzte 18:30ean hasi eta 20:30era bitartean Euskadi-Cuba erakundeko ordezkariek.
Dokumentala eta solasaldia
Horrekin guztiarekin batera, Lizette Vila zuzendari kubatarraren –gidoia ere hark idatzi du– La deseada justicia dokumentala emango dute hilaren 25ean, eguena, 19:00etan. Ondoren, solasaldia egingo dute. Vilak batu ditu dokumental horretan genero indarkeria jasan izan duten zortzi emakumeren testigantzak. Emakumeok lortu zuten euren egoerari buelta ematea auzoetan dituzten transformazio integraleko tailerrei esker.