Partaidetza altua zapatuko III. kayak festan

Deba ibaiertzean ikusle ugari uretan zebiltzan piraguisten jarduna ikusten. Beti-Busti piragua taldekoek antolatu zuten ekitaldia 25. urteurrena ospatzeko. Herritarrei piragua gerturatzea dute helburutzat.

Goiz eta arratsaldez aritu ziren palistak ibaian gora eta behera, lehenbiziko haurrak (Gipuzkoako eskola arteko txapelketaren bigarren deialdia) aritu ziren, eta ondoren senior mailakoak. Heldu mailakoen artean euren maila altua azpimarratu zuen Mikel Usabiaga Beti-Busti taldeko kideak. "Gaurko parte hartzaile geihenak Teknifikazio Zentro Nazionetik etorri dira, Espainiako selekzioan daude asko, eta batzuk Europako txapelketan egon dira orain dela hilabete inguru. Hauetatik asko gainera, hurrengo Joku Olinpikoetan parte hartzen ikusiko ditugu". Orotara 110 palista inguru bertaratu dira Bergarara, 70 haur eta 30-40 senior mailan.

Denboraldi arrakastatsua

Bergarako Beti-Busti taldeko kideak 25. urteurren hau ospatzeko hamaika arrazoi ezinhobeak dauzkate, izan ere emaitza paregabeak ekarri dituzte parte hartutako txapelketetan. Beti-Bustiko palista guztiak Espainiako txapelketan 10. postutik gora sailkatu dira, eta Patxi Ugaldek bere aldetik Espainiako txapelketa ekarri du etxera. Horretaz gain, Europako txapelken 20. postutik gora amaitu du Espainiako selekzioko ordezkari gisa. Aipatu gabe ezin utzi, Bergarako beste palista bat aurre-selekzio prozesuaren barruan sartuta dagoela.

Ospakizunak

25. urteurreneko ospakizun horietarako, zapatuko kayak festa izan da Beti-Bustiko arduradunek antolatu duten ekitaldirik azpimarragarriena, baina ez horregatik bakarra. Iragan astetik Hamaika tabernan Beti-Busti taldearen ibilbide luzearen argazki erakusketa jarri dute, eta gaurtik aurrera berdina egingo dute Nahikari tabernan. Horretaz gain, egutegi bat ere atera dute taldeko palisten argazkiekin hornituta. 3 eurotan jarriko dira salgai.

EAEn bakarra

Usabiagak adirazi bezala, "EAEn eta estatu mailan egiten den eslalom paralelo txapelketa bakarra da Bergarakoa. Bestelako lasterketak ere ez dira hemen inguruan asko egiten. Normalean gure palistek hemendik atera beharra daukate lasterketetan parte hartzeko".

Eslalom paraleloa eslalomarekiko ezberdina da "Zirkuitua laburragoa izateaz gain, binaka egiten da. Hori dela eta lehia estuagoa da, eta azkarragoa. Dena esprint batean erabakitzen da gainera."

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.