Agurne Barruso: "Herritarrekin batera egin nahi dugu Plan Estrategikoa"

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko aza. 18a, 16:43

2020ra arteko udalerriko Plan Estrategikoa egin nahi du Udalak. Agurne Barruso alkateak xehetasunak eman ditu

Zeren gaineko plan estrategikoa egin nahi duzue?
Epe luzerako hausnarketa egin nahi dugu, hau da, jakin nahi dugu nolako Bergara izan nahi dugun 2020an. Izan ere, 2020an nolakoa nahi dugun zehazten dugunean, uste dugu errazagoa izango dela legegintzaldikako, urtekako... planifikazioak egitea. Baina beti ipar garbi batekin. Horrek izaera estrategikoa ematen dio planari. Bestalde, nahi izan duguna da Udal gobernuak egin beharrean, bada, herritarrekin partekatzea hausnarketa hori, uste dugulako herritarrok badakigula zer nahi dugun. Horregatik prozesu partehartzailea egin dugu eta gainera pentsatzen dugu, herritarren proposamena izanez gero, eta Udalean dagoen gobernua egonda ere, herritarren hitza izango duela. Gero  berak ikusik du errespetatu ala ez.


Zergatik halako plan bat?
Legegintzaldian barrena ikusi dugu askotan erabakiak hartzen direla perspektiba barik, egunerokoari erantzuteko. Baina gaur hartutako erabakiak etorkizunean ere ondorioak ditu. Hortaz, komeni da edukitzea iparra, nora joan nahi duzun jakin, epe motz eta ertaineko erabakiak hartzeko.


Zer jasoko du planak?
Batetik, gaur egungo egoera; bestetik, zer nolako Bergara nahi dugun eta hori lortzeko ze estrategia garatu behar diren. Horrekin izango ditugu iparra eta estrategiak. Gero hori planifikazio txikiagoetara ekarriko da.


Herritarren partehartzea nola gauzatuko da?
Batetik osatuko dira bost lan arlo: biztanleria, garapen ekonomikoa, zerbitzuak eta ekipamendua, lurralde antolamendua eta ingurumena eta herrigintza. Hor, dauden datu objektiboak jaso eta ondorioak aterako dituzte. Hala, arlo horietan gaiaren gaineko interesa zein ezagutza daukan edozein herritarrek parte hartu ahal izango du. Horretarako hiru batzar egingo dira, lehenengo biak azaroan eta abenduan; hirugarrena,  prozesuaren  amaieran, herritarrek landutakoari ekarpenak egiteko. Bigarren fase baten herritarren partehartzea zabalagoa izango da. Herria hiru eremutan banatuko da: landa eremuko auzoak, herriko auzoak eta herri-gunea eta eremuka lau batzar egingo dira (bi ordukoak), urtarriletik martxora. Hain justu, herritarrei parte hartzeko eskatu nahi diet.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak