Bergarako Ezker Abertzalearen proposamena Udal eta Foru hauteskundeetarako

Maider Arregi 2010eko azaroaren 16a

Datorren maiatzean izango dira Udal eta Foru hauteskundeak, eta gutxi asko, alderdi guztiak ari dira hitzordu horri begira lanean. Baita Ezker Abertzalea ere. Hala, ordezkariek diote hauteskunde horietan egon egongo direla, eta legezko izateko baldintzak beteko dituen alderdi berria sortzeko lanean dihardute. Alderdia sortu, hauteskundeetan parte hartu eta erakundeetan egon gura dute; Bergarako Udal gobernuan segitu nahi dute adibidez.

Alderdi moduan eta legez egon gura du Ezker Abertzaleak datozen Udal eta Foru hauteskundeetan, azken agintaldietan euren ordezkaritza egoera desberdinetan eta hainbat siglarekin gauzatu ondoren. Bergaran adibidez, Herri Batasunaren izenean 1999ra arte, Euskal Herritarrok moduan gero, udalbatzan legez parte hartzeko modurik gabe Bergara aurrerarekin 2003an eta 2007tik Udaleko Gobernuan, Eusko Abertzale Ekintza moduan aurkeztu ostean. Ezker Abertzaleak dio hauteskundeetan egon ahal edo ez ez dela erabaki juridikoa izango, politikoa baizik, baina eurek egingo dutela egin behar dutena. Eta alderdi berriaren estatutuak zentzu horretan joango dira.

Lehenengo indarra izan gura dute, bai Gipuzkoan eta baita Bergaran ere.
Hauteskundeetarako lantaldea dagoeneko lanean du ezker abertzaleak, programako arlo desberdinak eta zerrenden gaia jorratzeko. Hauteskundeetara begirakoak eta alderdi politiko berriaren legeztatzearen gainekoak azaltzeko herri batzarra egingo dute migel altunako areto nagusian datorren eguaztenean, hilak 24, arratsaldeko 7etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak