2020erako udalerriko Plan Estrategikoa egingo dute

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko aza. 11a, 14:33

Hamar urte barru nolako herria irudikatzen dugun jakin nahi dute udal arduradunek. Plana abiatzear da eta herritarren parte-hartzearekin diseinatu nahi dute.

Udalak 2020. urtera arteko udalerriko Plan Estrategikoa egin nahi du herritarren parte-hartzearekin. Azaroan hasi eta apirilera bitartean egin nahi du eta zehazki honakoa da Udalaren asmoa: herritarrek Bergara gaur egun nola ikusten duten zehaztea, eta hamar urte barruko Bergara irudikatzea eta egoera hori lortzeko estrategiak proposatzea. Plana lantzeko, Elhuyar Aholkularitzaren laguntza izango dute.
Agurne Barruso alkateak honela azaldu zuen, atzo, eguaztena, eguerdian egindako prentsaurrekoan, plan horren zergatia: "Agintaldi honetan inprobisazioan oinarritutako hainbat erabaki hartu dira eta argi ikusi dugu beharrezkoa dela gauzak egitea etorkizuneko plangintza baten oinarrituta". 

Herritarren parte-hartzea

Barrusok gehitu zuenez, plan horrek bi ardatz ditu: bata, estrategikoa eta epe luzeko ikuspegia emango duena; bestea, herritarren parte-hartzean oinarrituta egingo dela.
Hain justu ere, herritarren parte-hartzearen garrantzia azpimarratu zuen alkateak: "Bergararrok dakigu nolako herria nahi dugun etorkizunean; bada, herritarren iritzi hori da jaso nahi duguna. Bestalde, hamar urterako plana izatera, garrantzitsua da Udal Gobernuan dagoen taldeak, edozein izan da ere, herriak adostutakoa egitea".  

Bi motatako lantaldeak

Datozen egunotan abiatuko den prozesuan bi lantalde mota egongo dira: batetik, arlokako bost talde –biztanleria, garapen ekonomikoa, zerbitzu eta ekipamenduak, lurralde antolamendua eta herrigintza– sortuko dira eta gaiaren inguruko eragileak elkartuko dira; bestetik, eremukako taldeak sortuko dira herritarrekin. Hor bereiztuko dira hiru eremu, landa eremua, herrigunea eta herrigune inguruko auzoak. Hain justu ere, eremukako batzarrak egingo dira urtarriletik martxora bitartean.    
Horren guztiaren berri emateko, batzar irekia deitu dute hilaren 18rako, eguena, 19:00etan, udaletxean. Deialdi hori gutun bidez ere bidali dute etxeetara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak