Euskadiko ur azkarretako txapelketa uztailean egin behar zuten, Bidasoan, baina ur gutxi zegoelako proba atzeratzea erabaki zuten, eta Bergarako piraguistek asteburuan erakutsi dute gorputzaldi onean iritsi direla hitzordura. Beti-Bustik bost ordezkari izan zituen, eta guztien artean, azpimarratzekoa da Patxi Ugaldek [Holandan egin berri duten Dutch Open 2010 proban hamaikagarren izan zen] egindako lana, kadete mailan urrezko domina eskuratu zuen-eta.
Kategoria berean lehiatu ziren, baita ere, Beñat Lizarralde –laugarren–, eta Aritz Gimbert –zortzigarren. Gainontzeko ordezkariak ere ondo ibili ziren; Jokin Labaien eta Iñaki Usabiaga irekiera kategorian bosgarren sailkatu ziren. Hala, txapelketa honekin Bergarako gazteek amaitu dute piraguismo denboraldia.
Klubak 25 urte
Txapelketa ofizialak amaitu badituzte ere, Bergarako piraguismo klubaren 25. urteurrena dela-eta, Gabonetarako hainbat ekitaldi prestatuko dituzte. Besteak beste, Bergarako piraguismoko erretratu zaharrak batzeko lanetan dabiltza klubeko ordezkariak, eta herritarren laguntza eskatu dute; foto zaharrak dituztenek jar daitezela kontaktuan Beti-Bustiko lagunekin (info@beti-busti.org).