Udalak hileta edo omenaldi zibilak egiteko ordenantzari hasierako onarpena eman zion aurreko asteleheneko ohiko osoko bilkuran. Udalbatzak aho batez onartu zuen testuaren arabera, Udalak Kataibiako plaza aukeratu du halako omenaldietarako. Dena den, Angiozarren, Osintxun, Elosuan, Elorregin, Basalgon edo Uberan erroldatutakoa baldin bada hildakoa, auzo horietako pilotalekuan egiteko baimena ere eskatu ahal izango da.
Horiek ez diren leku publikoren batean egin nahiko balitz hileta zibila, Udalean aurkeztu beharreko eskarian zehaztu beharko da, eta Alkateak edo dagokion zinegotziak erabakiko du baimena eman ala ez.
Eskariak nola bideratu
Alkateari edo hura ordezkatuko duen zinegotziari dagokio hileta zibilerako gordetako espazioaren erabilera baimentzea. Horretarako senitartekoak –edo dagokionak– aurkeztu beharko ditu Udaleko erregistroan honako agiriak: eskaera orria, heriotza ziurtagiria eta tasa ordaindu izanaren agiria –ordenantza fiskaletan aurrez ordaindu behar dela finkatu bada–. Eskaerok derrigorrez Udalak prestatutako inprimakietan egin beharko dira eta han zehaztuko da hileta egunean zein material erabili nahi den.
Horrekin guztiarekin, eskaera aurkezten bada eskatutako dokumentazioarekin, automatikoki onartuta geratuko da.
Soilik erroldatutakoak
Hil diren unean Bergarako biztanleen erroldan azaltzen diren pertsonen hileta zibilak egin ahal izango dira soilik. Baldintza hori betetzen ez duen pertsona baten hileta ospakizuna egin nahi izango balitz, eskaera aztertutakoan hartuko dute egoki iritzitako erabakia.
Hileta zibilok astelehenetik domekara ospatuko dira, 17:00etan, 18:15ean eta 19:00etan eta domeka eta jai egunetan, esandako orduez gain, 12:00etan eta 13:15ean ere ospatu ahal izango dira. Zeremoniak gehienez ordu bat iraungo du eta gunea libre geratu beharko da gehienez ere hurrengo 15 minutuetan.
Esandakoez gain beste ordu batean egiteko eskaera aurkezten denean, eskaera ikusita eta egun horretan dauden ekitaldiak kontuan izanda erabakiko da.
Apaintzeko aukera egongo da
Hildakoaren senitarteko edo lagunek Udalak prestatutako gunea apaindu nahi badute edo modu bereziren baten egokitu, egin ahal izango dute, baina ekitaldirako erreserbatutako denbora hori amaitu baino lehen erretiratu beharko dute jarritakoa. Erabat debekatuta egongo da paretetan edo beste edozein elementutan anklajerik, zulorik edo antzekorik egitea.
Alegazio epea zabalik
Udalbatzak hasierako onarpena emanda, jendaurrean ikusgai jarriko dute 30 egunez ordenantza, interesatuek alegazioak egin ahal izateko.