Zortzi mila euro pasa banatu ditu Lokatza ziklismo eskolako porrak

Xabier Urtzelai 2010ko uzt. 27a, 13:07
Lokatza ziklismo eskolako lagunek atzo banatu zituzten Tourreko porrako sariak. Guztira 400 lagun pasatxok hartu dute parte Bergarako porran, eta atzo 8.000 euro pasatxo banatu zituzten irabazleen artean. Irabazleek, Antzuolako Kepa Etxanizek eta Jon Madariagak 4.580 euro irabazi zituzten. Monte tabernako porrako sari banaketa, berriz, egubakoitzean egingo dute.

Domingo Irala kalean giro aparta zegoen atzo arratsaldean. Jende asko Lokatza ziklismo eskolak antolatutako sari banaketa ikusteko, eta euretako batzuk, sariak jasotzeko irrikan. Aurtengo Tourrean aurrean ibiltzea ez da erraza izan, baina irabazleek, Kepa Etxanizek eta Jon Madariagak, begi ona izan dute.

20:30ean hasi zuten sari banaketa. Eta, Lokatzakoek Mikel Pradera txirrindulari ohia gonbidatu zuten sari banaketara. Mallabiakoak 2 urte egin zituen Euskaltelen, Oncera joan zen ondoren, eta Caisse d'Epargnen ere korritu zuen. Egun, euskal selekzioko hautatzailea da.

Eta, Praderari tokatu zitzaion muxuak eta txekeak banatzea. Hasteko, porrako farolillo gorriari, Ezbeak izenarekin porra egin zuten emakumeei, saria. Sorpresa, gainera. 81. postuan sailkatu zen Angel Bideluze bergararrak ere saria izan zuen, eta zergatik 81.a, bada, Zabala jatetxeak babestutako saria izan zelako; aurten 81 urte egin ditu Zabalak.

Hirugarren saria koadrila batendako izan zen, 1.374 eurorekin afari pasada ederra egin ahal izango dute Joxemi Elizburuk, Aitor Garrok, Peio Sasiainek, Jon Gonzalezek eta Miguel Inclanek. Bigarren sarituak 2.290 euro irabazi zituen, eta Joxe Mari Elortza izan zen sariduna. Baina, kanpoan denez, haren lehengusu Joxe Mari Corralek hartu zuen txeke galanta.

Eta irabazleak, orain dela hiru urte bigarren postuan geratu ziren Kepa Etxaniz eta Jon Madariaga, orduan Kepi eta Txipi ezizenarekin. Aurten Papanatas izenarekin jokatu dute, eta zorte hobea izan dute, lehenengo postua, eta 4.580 euro Antzuolara. Egubakoitzean Xantini lagunarteak antolatzen duen porrako sari banaketa egingo dute, Monte tabernan. Hor, irabazleak 12.000 euro irabaziko ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak