Zirkuituak 6,5 kilometro izango ditu guztira; horietako ia bi izango dira bakarrik herritik aparte gelditzen direnak. Kilometro gehienak, beraz, herri barruan egingo dira. Ibilbidean zehar ikusiko dira, adibidez: Usondo parkea, Gipuzkoan bakarra den Agarreko garaia, Erdi Aroko jauntxoen liskarren lekuko diren Gabiria eta Ozaetako dorretxeak, natur gunea eta enpresa gunea. Zirkuitua asfaltatuta dago zati gehienetan; Gaitxao ondotik Agerretxebarri baserrira doan bidea dago bakarrik asfaltatu gabe, 150 metro inguru.
Algodonerako gunea
Berez, asmoa da bidegorritik Algodonera parera heltzean, pareta bota eta orubean sartzea zirkuitua. Handik Gabiria dorre ondotik (ordurako bukatuta izango dituzte berritze lanak) Artabilara igoko litzateke. Antolatzaileek orubean etxebizitzak egingo dituzten eraikuntza enpresako ordezkariekin eta Udalarekin ari dira oraindik negoziatzen hori egin ahal izango duten edo ez, izan ere oraindik ez dakiete obrak noiz hasiko dituzten. Bestela, handik zirkuitua ezin bada sartu, goian esan bezala egingo dute: tunela pasa eta hango bidetxotik gora igo argindarraren transformadorea dagoen tokira eta handik Artabilara.
Sei gune
Zirkuituak sei gune izango ditu: ikastolan, azokan, Martinez de Iralan dagoen ikastolan, Algodoneran, Artabilan eta Labegaraietako kiroldegian. Oraindik zehazteke dute zer ekintza egongo den gune bakoitzean.
Aparkalekuak
Pentsatu dute bi aparkaleku nagusi jartzea. Autobusak Labegaraietako industria gunean sartuko dituzte (160 autobusendako tokia dago). Autoak, berriz, poligonoan eta San Juanen aparkatuko dituzte eta handik lanzaderak egongo dira herrira; baita inguruko herrietatik ere.