Zikinkeriaz bete dute kanpoko igerilekua, gauean

Goiatz Arana Begiristain 2009ko ira. 10a, 20:31
Beteta zegoen zakar poltsa bat uretan hustu, kaka egin eta plastikozko mahai bat eta aulkiak jaurti dituzte. Agorrosingo arduradunek martxan jarri dituzte gisa horretako egoeretarako ezarrita dauden garbiketa protokolo bereziak eta, lanek iraun duten bitartean, itxita egon da kanpoko igerilekua. 17:00ak inguruan zabaldu dute.

Zakarrak, kaka eta plastikozko mahai bat eta aulkiak, uretan. Egoera horretan aurkitu dute igerilekua sorosleek, 10:00etan, irekitzera joan direnean. Ateak zabaldu beharrean, "itxita" zihoen karteltxoa zintzilikatu eta garbitze lanei ekin diete: ageriko zakarra erretiratu, ur hondoa makina xurgatzaile batekin pasa, ura berriztu, kloro eta azido mailak egokitu... Zazpi bat ordu behar izan dituzte dena egiteko eta, prozesuak iraun duen denboran, erabiltzaileek ezin izan dute kanpoko igerilekuan bainurik hartu; berdegunea, barruko igerilekuak eta kanpoko aldagelak baino ezin izan dituzte erabili.

Agorrosingo gerenteak igorritako informazioaren arabera, badirudi gazte koadrila bat izan da gauean triskantzak egin dituena. Gertatu denari buruz galdetuta, erabiltzaileak, oro har, bat etorri dira esaterakoan horrelako ekintzekin bergararrei egiten zaiela kalte eta herriko azpiegiturak zaindu egin behar direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak