Aragoiko arkitektoen, ingeniari industrialen eta telekomunikazio elkarteekin batera, Ezindu Fisikoen Fundazioak urtero antolatzen duen irisgarritasun lehiaketan hiru kategoriatako proiektuak saritzen ditu: hirigintza, teknologia eta telekomunikazio arloetakoak. Aurten, Bergarako Zetabi arkitektura bulegokoen proiektu bat saritu dute hirigintza arloan; Zetabikoak finalista izan dira Bergarako Bolu auzoan egindako Igogailuen proiektuarekin.
Finalisten lanak gertutik ezagutzeko aukera izan dute Zetabikoek, eta esan dutenez, guztiek izan dute irizpide nagusi irisgarritasuna, Boluko proiektuak bezala.
Bergarako Udalaren enkarguz, Bolu auzoko irisgarritasun azterlana egin zuten 2008an, eta gero, gauzatu. Arkitektoen ustez, euren lana saritu dute azterlanean jasotako emaitzak era egokian gauzatu dituztelako.
Mota horretako proiektuek inplikazio berezia eskatzen dutela adierazi dute debagoiendarrek. Azken urteotan gainera, irisgarritasun proiektuen eskariak gora egin duela azaldu dute.
Egunotan Bergarako Irizar Jauregiko berritze lanak egiten ari dira, eta esan dutenez, legeak eskatzen duen mailan irisgarritasun ezaugarrietara egokitu dute eraikina.