Galizia, Gaztela-Leon, Errioxa, Kantabria eta Euskal Herriko jakien kolore eta usainek hartu dute San Martin plaza bihartik, eguena. Zaporeen eta artisauen feria ekarri du herrira JC 2000 enpresak eta domekara arte egongo da San Martin plazan.
Guztira, 18 postu daude plazan: 10 gastronomia postu; hiru artisau eta bost berritasun postu. Gastronomiari dagokionez, 30 lekale mota ikus daitezke, euskal pastela, gazta, baserriko produktuak... Artisauen kasuan, hiru postuetako bitan Valentziako bisuteria dago ikusgai eta hirugarrenean, Bartzelonako larrua.
Berritasun postuen kasuan, askotariko bitxikeriak daude: zikintzen ez den mahai-zapia, garbitzeko ura bakarrik behar duten eskularruak, oliorik behar ez duen sartagina, bibratzen duten koxinak, aloe-veraz egindako gaiak...
Galiziako jakiak
San Martin plazako postuez gain, Udal agiritegi gaineko plazatxoan Galiziako jakiak dastatzeko tabernatxoa ere jarri dute: muskuiluak, lakoia, olagarroa... dastatu ahal izango dira. jakiok ez ditu edozeinek prestatuko, gainera; Javier Ferreiro maisu pulperoak baizik -bi bakarrik daude Galizia osoan-. Tabernatxo hori karpa baten jarri dute eta mahai eta aulkiak ditu Galiziako produktuak lasai dastatzeko.
Azokaren ordutegia da: 11:00-14:00 eta 17:00-22:00. Taberna 00:00ak arte.