Zabalotegi aretoa egokitzeko lanak hasiko dituzte hurrengo astean

Edu Mendibil 2007ko urr. 19a, 12:15
2005eko udaberrian Novedades zinema aretoa itxi zutenetik ez dago Bergaran kultura emanaldietarako areto aproposik, eta Enara Minguez Kultura zinegotziak azpimarratzen duen moduan, "kultura mailan dagoen beharra hein batean beteko du Zabalotegik udatik aurrera". Lanak astelehenean bertan hasiko dituzte eta ekainerako amaitzea espero dute.

122 eserleku

Behin lanak amaitutakoan 122 lagunendako tokia izango da Zabalotegiko aretoan. 122 eserleku horietatik bi ezinduendako izango dira. Gaur egungo egiturarekiko nobedade bakarretakoa hauxe izango da: komunak eserlekuen atzealdean jarriko dituztela. Aldagelak, berriz, ezkerraldeko pasealekuan egongo dira, sarreratik begiratuta.
Goiko solairuari dagokionez, ez da jendearendako erabilgarri egongo eta han kokatuko dituzte bulegoak, biltegia, instalazioen gela eta proiekzio gela. Erabilera guztiz definitzeke dagoen arren, udal arduradunen asmoa honakoa da: kontzertu txikiak, antzerki emanaldiak, ipuin kontalari saioak, txotxongiloak, hitzaldiak, diapositiba emanaldiak eta zinema emanaldiak. Ikusteko dago zinema proiekzioak edo DVD formatukoak jasoko dituen Zabalotegiko aretoak. "Hori aztertzeko dago. Dena dela, zinema areto bat baino zerbait gehiago izatea nahi dugu", dio Enara Minguezek. Agertokiak 73,45 m2-ko azalera izango du.

349.000 euroko aurrekontua

Goitu Eraikuntzak SL enpresak egingo ditu lanak astelehenetik aurrera eta lanen zuzendaritza Estudio y Proyectos SLko Esti Igartuak eramango du. Aurrekontua 349.000 euro ingurukoa da.
Kopuru horri ikus-entzunezkoen materialeko aurrekontua eta ekipamendukoa gehitu beharko zaio. Ikus-entzunezkoen materiala erosteko Soinua enpresaren aholkularitza izango du Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak