Zabalik dago izenematea Jardunen ikasturte berrian

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko ira. 13a, 11:27
Asteburuko aisialdi taldea eta dantza, bertso eta trikiti eskolak eskainiko ditu euskara elkarteak, besteak beste. Urriaren 2an hasiko dute ikasturtea.

Urriaren 2an abiaraziko du 2010-2011 ikasturtea Jardun euskara elkarteak. Aurten ere eskaintza zabala dauka eta izenematea ere zabalik dago irailaren 24a baino lehen, Errotalde jauregian duten bulegoan edo 943 76 36 61 telefono zenbakian.

Askotariko ikastaroak

Eskaintza zabala dauka elkarteak. Batetik, asteburuetako aisialdi taldea: Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako neska-mutikoendako da eta zapatu eta domeketan, 17:00-20:00 ordutegian, jolasak, tailerrak, eskulanak... egiten dituzte, Arrizuriaga jauregian. Urteko kuota dira 42 euro –37 bazkideendako– . Urriaren 2an eta 3an ate irekien jardunaldia egingo dute. 
Bestetik, dantza eskola ere badauka. Taldeko euskal dantzak erakusten dituzte eta saioak izaten dira astean barrena, ordubetez. Hiruhileko kuota dira 36 euro. Horrez gain, bertso eskola ere badute eta hor ere astean ordubeteko saioak egiten dituzte, Arrizuriaga jauregian, doan.
Trikiti eskolari dagokionez, soinu eta pandero eskolak ematen dituzte. Soinuari dagokionez, astean ordubeteko saioak izaten dira, Arrizuriaga jauregian eta hiruhileko kuota da 67 euro –57 bazkideendako–. Pandero eskolei dagokienez, astean ordu eta erdiko saioak izaten dira, Arrizuriaga jauregian, eta hiruhileko kuota dira 57 euro –47 bazkideendako.
Umeak bazkide egiteko urteko kuota dira 10 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak