XVI. mendeko dolaredun baserria berriztatuko dute egitura mantenduz

Arritxu Barruso 2009ko ira. 7a, 14:23
Bergarako Angiozar auzoko Andikoetxe baserriak balio handiko altxorra ezkutatzen zuen bere baitan; bost mendeetan barrena baserriaren paretek ezkutatu izan dutena. Orain, baina, agerian geratu da altxorra: baserriak bere egituraren baitan zeukan egurrezko dolarea.

Ramon Maria Loiti 1987an jabetu zen bere baserriaren balioaz: "Gipuzkoako Foru Aldundiak urte horretan Gipuzkoako baserri zaharren inguruko liburu bat argitaratu zuen eta konturatu ginen gure baserria agertzen zela bertan. Orduan hasi ginen antzeko liburuak irakurtzen eta dokumentatzen eta konturatu ginen gure baserria XVI. mendeko baserria izateaz gain, dolaredun baserri bat zela", azaldu digu Loitik.

Hain justu ere horixe da Andikoetxe baserriaren berezitasuna. XVI. mendean sagardoa egiteko eraikitako baserria da eta bere egituraren barnean dolare bat daukala. Hau da, dolarea litzateke baserriaren eskeletoaren zati garrantzitsuena eta, hein batean, baserria zutik mantentzen duena.

Bota eta berriro ere eraiki

Ramon Maria Loitik azaldu digu baserria oso egoera txarrean zegoela eta bertan bizitzen jarraitu nahi bazuten ezinbestekoa zela konpontzea. Hori horrela, Loitik gauza bat zeukan garbi eta hori zen baserriaren jatorrizko egitura mantendu beharra zegoela: "Horrelako altxorrak berreskuratu eta mantendu egin behar dira, gure jatorria eta historia ezagutu eta mantendu nahi baditugu behintzat. Zentzu horretan ez dut sekula zalantzarik izan. Horrelako ezaugarriak zituzten baserri gehiago ere bazeuden, baina, ez dituzte mantendu eta hori pena bat da".

Erabakia hartuta lanean hastea besterik ez zen geratzen, egitura mantentzea nahi bazen, gainera, ez zen nolanahikoa egin beharreko lana. Lehenengo pieza guztiak neurtu eta egitura planora ekarri zuten eta ondoren, pieza bakoitzari zenbakia jarri zioten. Hori eginda, egitura guztia desmuntatu zuten eta piezak berriztatu, edo balio ez zutenak ordezkatu. Lan hori egin ostean, muntaketa lana etorri zen; hau da, orain dela bost mende egin zuten lan berbera. Lanak nahiko aurreratuta daude dagoeneko; Loitik aurreikusten du abenduaren amaierarako baserria bukatuta egotea.
Bergaran baserri bat baino gehiago daude dolarea daukatenak: Angiozarko Eduegi baserria, Labegaraietako Gaztelu eta Basalgoko Monasteriobide. Dena dela, Andikoetxe zen dolarea ondoen mantentzen zuena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak