Aurten, 300 ume apuntatzea espero da eta hauekin batera, 30 begirale egongo dira. Xipizaroko arduradun Ainhoa Arbelaitzek adierazi digunaren arabera: "Pasa den urtean 320 neska mutiko inguru ibili ziren udalekuetan. Aurten ere asmoa hori da, gutxienez 300 ume apuntatzea, eta horregatik izen emate epea asmo horrekiN luzatu dugu". Udaleku hauek, Martinez de Irala eta Ipintza institutuan izango dute kokalekua. "Denbora librea ahalik eta ondoen pasatzea da helburua. Neska mutikoak goizeko hamarretan etorriko dira guregana eta eguerdiko ordu batak arte hainbat ekintza egingo dituzte gurekin batera. Adinaren arabera baina, udalekuek izango duten ordutegia ezberdina izango da: "Bi urteko umeak 10:30etatik 12:30era egongo dira, eta haur hezkuntzako lehen mailatik DBHko bigarren mailara artekoak 10:00etatik 13:00etara", adierazi digu Arbelaitzek.
Jolasak eta irteerak
Ekintza ezberdinak egingo dituzte umeekin. Ekintzak, kanpora begira egitea da asmoa Ainhoa Arbelaitzek adierazi digunez, beti ere eguraldiak laguntzen baldin badu.
Eskulanak, jolasak, igerilekuetara irteerak, Gorlara, Osintxuko ludotekara, Angiozar aldera,..." Urtetik urtera ekintzak ez dira asko aldatzen. Beti ere adinaren arabera leku batera edo bestera joango dira neska mutikoak, baina beti ondo pasatzeko asmoz".