Uztailerako ipinita egongo dira Agorrosin eta Ipintzarako aldagelak

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko mai. 18a, 13:57
Nuevo Sistema Modular enpresari esleitu dizkiote lanak. Aldagela zaharrak asteon botako dituzte

Udalak asteon esleitu ditu Agorrosin eta Ipintza futbol zelaietarako aldagela berriak. Madril, Gipuzkoa eta Nafarroako lau enpresa aurkeztu dira lehiaketara eta Nafarroako Nuevo Sistema Modular enpresari esleitu dizkiote, behin behinekoz –15 egunetan bihurtuko da behin betiko erabakia–. 290.075 eurotan egin dute esleipena –305.000 eurotan atera zituzten lanok enkantera–, eta uztail bukaerarako ipinita egongo direla aurreratu du Martin Etxeberria Kirol zinegotziak.

Modulukako sistema

Aldagelak moduluekin osatuko dituzte, hain justu, 2,40x4,60 neurriko 19 erabiliko dituzte, eta elkarrekin lotuz, bi solairu osatuko dituzte.

Beheko solairuan egongo dira: taldeendako lau aldagela, arbitroendako beste bat, biltegi bat, bulego bat eta komun publikoa. Bigarren solairuan egongo dira: taldeendako bi aldagela, arbitroendako beste bat, lehen sorospenerako eta argiteria sistemarako bat eta komun publikoa.

Harmailen ondoan

Ipintza futbol zelaian jarriko dituzte aldagelok, Agorrosingo   zelaiaren harmailetatik gertu.  Ipintza Agorrosin baino altuago dagoenez, Agorrosindik aldageletara igotzeko eskailerak egingo dituzte.

Moduluak egingo dituen enpresak tailerrean bertan egokituko ditu eta ekartzen dituztenean muntatu bakarrik egin beharko dira moduluak.

Aldagelok kokatuko diren orubea ere prestatu egin behar da. Hala, Nuevo Sistema Modularrek moduluak prestatzen dituen bitartean, Udalak zolata egingo du, hau da orubera aldagelak jartzeko prestatu.

Aldagela zaharrak

Ipintzako aldagela zaharren kasuan, bota egingo dituzte. Hain justu, gaur, astelehena hasiko dira eraikina botatzeko prestakizun lanetan, Martin Etxeberria zinegotziak jakinarazi duenez. Eraispen lanak aste honen amaiera aldera edo datorren astearen hasieran izango direla ere gehitu du.

Futbol taldeei dagokionez, denboraldia bukatzeke dago, bi partidu falta dira. Hori horrela, Etxeberriak azaldu du aldagela berriak izan arte taldeek erabiliko dituzte Agorrosin Ekintza Gunekoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak