Uztaileko gauak girotzeko Espoloiko ostiral musikalak aurkeztu dituzte. BIDEOA

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko uzt. 2a, 17:01
Uztaileko egubakoitz gauetan musika ezin hobeaz gozatzeko aukera egongo da Espoloian; izan ere, gaur bertan aurkeztu dute Espoloiko ostiral musikalak. Musika beltza entzuteko parada egongo da Espoloian: besteak beste, jazza, soula eta funkya. Bergarako Udalak Zuhaizti tabernaren laguntzarekin antolatutako kontzertuak dira.


Iritsi da uztaila; eta, harekin batera, Espoloiko ostiral musikalak. Gaur aurkeztu dute Bergarako Kultura etxean azken urteetan ohiko bilakatu den kontzertu sorta: Espoloiko ostiral musikalak. Jazza, funkya, soula eta beste hainbat musika estilo, flamenkoa adibidez, entzuteko aukera paregabea eskainiko dute kontzertuok.

Musika entzuteko txoko polita

Maider Osa Kultura teknikaria, Ubane Uzin Gaztelupeko Hotsak etxeko arduraduna eta Enara Minguez Kultura zinegotzia izan dira aurkezpenean. Aspaldiko urteetan antolatu izan dira kontzertuak Espoloian; hasieran, kontzertu solte bezala, baina gerora gorpuzten joan da ekitaldia. “Horrenbeste entzuten ez den musika entzuteko txoko polita da Espoloia, giro polita sortzen da”, adierazi du Osak aurkezpenean. Espoloiko musikarien maila nabarmendu du Osak; eta, horren adibide aurtengo ekitaldikoak jarri ditu.

Ortophonk taldekide ohiak

Ortophonk taldeko kide ohiak dira egubakoitzean, lehenengo kontzertua egingo duten Phonk Clubbin’ Criminals taldekoak. “Eskarmentu handiko musikariak dira; eta, oraindik diskorik atera ez duten arren, euren musika entzuteko aukera izango da Espoloian”, adierazi du Uzinek. Soul, funky dance, jazza eta elektronika lantzen duen taldea da.

Emakumeen presentzia

Esan behar da, Espoloiko kontzertuetan emakumeek presentzia nabarmena izango dutela. Lau taldeetatik hirutan emakumeak izango dira liderrak. Egubakoitzeko kontzertuan, Virginia de la Casak abestuko du. Uztailaren 11an, Obanee Enayak jarriko du ahotsa eta azkeneko kontzertuan Terela Gradinek.

Egitaraua

Uztailak 4, ostirala
22:30
Phonk Clubbin’ Criminals.
Gasteiz. Soul, funky dance, jazza eta elektronika lantzen dituen taldea.

Uztailak 11, ostirala
22:30
JJ Band
Andaluzia. Ahots flamenko-afrikarra eta jazz musika uztartzen dituen taldea.

Uztailak 18, ostirala
22:30
Jose Luis Pardo & The Mojo Workers
Argentina. Rhythm and Blues That’s right diskoa aurkeztuko dute.

Uztailak 25, ostirala
22:30
Terela Gradin & GEM Trio
Galizia. Jazz gai klasikoak eta egungo musikagileen gaien bertsioak eskainiko ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak