San Lorentzo auzoan, Tornilleria Deba lantegia zegoen orubea garatzeko hirigintza hitzarmena sinatu dute asteon Udalak, Kutxak eta Urartetxe promotoreak. Martitzenean izan zen sinadura ekitaldia eta han izan ziren Agurne Barruso alkatea, Gorka Aranegi, Urartetxeko ordezkaria eta Pello Goikoetxea, Kutxako Etxegi XXI proiektuko ordezkaria.
Hitzarmen horri esker eraikiko ditu Urartetxek San Lorentzoko gune horretan 196 etxebizitza libre eta 52 tasatu. Horrekin batera Kutxako Etxegi XXI elkarteak lagundutako babes ofizialeko 86 etxebizitza ere eraikiko dituzte.
Uztailean martxan
Etxebizitzak eraikiko dituzten orubean aurrez lantegia egon zenez, eraikitze lanekin hasi aurretik guneko kutsadura kendu egingo dute. Uztailean egingo dute hori eta eraikitze lanak irailean hasiko dira. Hain justu, etxebizitza libreetako hiru bloke –guztira bost izango dira– hasiko dira eraikitzen irailean: 49 bizitzako bloke bat eta 35 bizitzako bi bloke. Lanen lehen fase hori bi urteren buruan bukatuta egongo da: lehenengo blokea 2011ko uztailerako butatuta egongo da; bigarrena, 2011ko irailerako, eta hirugarrena, 2011ko abendurako.
Etxe tasatuei dagokienez, 2010ean hasiko dituzte eraikitzen, "merkatua aldeko egonez gero", Gorka Aranegi Urartetxeko ordezkariaren esanetan.
Gazteendako, alokairuan
Babestutako etxebizitzen kasuan, gazteeendako alokairu baxukoak izango dira. "Tamainaren arabera hileko 260 eta 300 euro arteko prezioa izango dute", Pello Goikoetxea Kutxako ordezkariak sinadura ekitaldian azaldu zuenez, eta logela bat edo bikoak izango dira. Bestetik, bost urterako alokatu ahal izango dira.
Gunearen urbanizazio lanak Urartetxe enpresak hartuko ditu beregain. Hortaz, ingurunea urbanizatuta dagoenean hasiko dira babestutako etxeok eraikitzen, lehenengo faseko hiru blokeekin batera.