Uztail hasieran hasiko dira Unedeko lanak, Seminarioan

Monika Belastegi Aranzabal 2010eko ekainaren 21a

Lan nagusiak dira teilatua eta teilatupea konpontzea eta igogailua jartzea

Unedeko egoitza egokitzeko lanak uztail hasieran hasiko dira. Halaxe jakinarazi du Juanjo Alvarez zentroko zuzendariak. Eskolarik ez dagoela aprobetxatu eta ahalik eta lan gehienak opor garaian egin nahi dituzte, urrian berriz ikasturteari ekin ahal izateko, nahiz eta ordurako lan guztiak bukatuta egongo ez diren.
Hori horrela, Alvarezek gehitu du prestakizun tekniko guztiak martxan daudela, lanak ahalik eta azkarren hasteko; "proiektua asteon aurkeztu dugu Udaleko bulego teknikoan eta lanak esleitzear daude", gehitu du

Teilatua, lan nagusia

Eraikinaren egiturari dagokionez, teilatu osoa konponduko dute –ez soilik Unedi dagokion  teilatu zatia– eta baita teilatupea egonkortu ere. Alvarezen esanetan, gainera, egoera kaskarrean dago eta berehalako konponketa behar du.
Horrez gain, igogailua jarriko dute eraikin barruan; fatxada eraberrituko dute–garbitu eta egonkortu egingo dute beharrezkoa den lekuetan zatitxorik erori ez dadin–; eraikin guztiko leihoen itxiturak berrituko dituzte eta komunak ere berriak egingo dituzte.  Lanon hasierako aurrekontua da 1,8 milioi euro ingurukoa –BEZ barne.

PP, permutaren alde

PP alderdiak bat egin du Batzar Nagusietan jaso den Arrizuriaga-Seminarioa trukerako proposamenarekin. Iñigo Arkauz PPko batzarkideak erredakziora bidalitako oharrean dio: "Proposamenak aurrera egingo ez balu, Unedendako kaltegarria izango litzateke, baina baita Bergara eta Gipuzkoarendako ere, unibertsitateak herria laga ahal izango lukeelako".
Horrekin batera, uste du Arrizuriagan Unedek egoki handitzeko aukera izango lukeela eta gainera, parkea herriarendako berreskuratzea ekarriko lukeela. Bestalde dio: "Seminarioa herri erdian dago eta leku egoki eta estrategikoa da Udal liburutegia egiteko eta baita kulturarako instalakuntzak ere. Eta hori gutxi balitz, Aranzadirendako irtenbidea ere izango litzateke, Seminarioan jarraituko lukeelako, baina hobetutako instalakuntzetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak