Urtero legez, Lokatza ilusio eta gogoz irten da errepidera

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko mar. 21a, 20:21
Lau maila ezberdinetan banatuta, guztira 26 txirrindularik osatzen dute aurten Lokatza taldea. Taldeen arabera zehaztu dituzte helburuak. Hala ere, badago elkarte osoak komunean duen helburua: oinarrizko ziklismoa indartzea.

Aurtengo denboraldiaren aurkezpenerako argazkiak ateratzeko Bergarako Errotalde parkea aukeratu zuen Lokatza ziklismo eskolak. Azken egunotan izan dugun eguraldi ona aprobetxatuz, elkarteko txirrindulari taldeetako kideek aurkezpen ekitaldia  egin zuten. Zitara elkarteko txirrindulari guztiak agertu ziren, Iñigo Agirrezabal eta Julen Irizar haurren taldeko txirrindulariak izan ezik.

Aurten 26 txirrindulari
Hala, Lokatza ziklismo eskolak 26 txirrindularirekin egingo dio aurre denboraldi berriari. Elkartea sortu zenetik txirrindulari gazteen heziketan parte hartzea izan du helburu, bai kirol arloan eta bai alde pertsonalean. Hau da, gazteei txirrindularitzak kirol moduan dituen baloreak bizitza arruntera aplikatzen irakasteko asmoa dauka elkarteak.

Oinarrizko ziklismoa indartu
Lokatza taldea, urtero moduan, ilusio eta gogo biziz irten da errepidera, lehen aipatu hasierako helburua betetzeko, oinarrizko ziklismoa indartzea, hain zuzen. Elkarte osoak bilatzen duen helburuaz gain, ohikoa denez talde ezberdinen araberako xedeak ere finkatu dituzte. Hala, infantil eta eskola kiroleko taldeen helburuak dira txirrindularitzaren oinarrizko arauak ezagutu eta bizikleta kontrolatzen ikastea.
Kadete mailakoek, berriz, errepidearekin lehen kontaktua egitea dute helburu. Kadeteen artean txirrindulari guztiak dira bergararrak Xabier Gallastegi eta Andoni Rico soraluzetarrak ezik. Eta azkenik, gazte mailakoak profesional mundura hurbiltzen saiatuko dira. Izan ere, probak sakonago prestatzen hasiko dira aurten eta gorputza zaindu behar dutela ikasiko dute. Aipatu proben artean, Gipuzkoako klasika eta Gipuzkoako Itzulia dira urteko lasterketa garrantzitsuenak. Gazte mailakoen artean ere nagusi dira bergararrak,  Aitor Laskurain eta Xabier Arantzeta antzuolarrak ezik.

Aristi eta Arantzeta, oso ondo
Hasiberri den denboraldiak Lokatza ziklismo eskolako bi txirrindulari oso sasoi onean daudela erakutsi dute. Hala, Iñigo Larrañaga zuzendari duen kadeteen artean Mikel Aristik hiru proba irabazi ditu dagoeneko.
Bestalde, Iker Sanchezek gidatzen duen gazte mailako ziklisten artean, berriz, Xabier Arantzetak oso ondo dagoela agerian utzi du denboraldiko lehen probetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak