Urteaga kalearen urbanizazio hitzarmena onartu du udalbatzak

Oihana Elorza Gorostiza 2007ko ots. 2a, 11:18
Hitzarmen horrek jasotzen du 219 etxebizitza egitea Urteaga kalean eta orain azpitik doan Uhola erreka desbideratu eta zati bat bistaratzea

Urteaga kalearen eremu berriaren hirigintza garapenerako hitzarmena egin du udalak Madura Etxegintzak S.L. enpresarekin eta hitzarmen hori onartu egin zuen udalbatzak asteleheneko osoko bilkuran, aho batez. Hirigintza plan horrek 219 etxebizitza jasoko ditu Urteaga kaleko eremu horretan, ingurua urbanizatuko du eta orain lur azpian dagoen Uhola erreka bistaratuko du.

Auzo berria
Hitzarmenak jasotzen du 219 etxebizitza egiteko proiektua; 104 babestutakoak eta 115 libreak. Madura Etxegintzak enpresak azaldu digun moduan, Bergaratik Antzuolarako norabidean eskumara gelditzen den lautadan, Movillas enpresa egondako tokian, babestutako etxebizitzak egingo dituzte, eta ezkerrean dagoen sailean, etxebizitza libreak. Horiek egiteko, ezkerreko aldean dagoen lehen etxebizitza bota egingo dute. Kale hasieran egiten ari dira dagoeneko 20 etxebizitza libre. Horren ostean 40 egingo dituzte, beste 40 hirugarren fasean eta gainerako 15ak laugarrenean. Prezioak jartzeke daude oraindik. Etxebizitza babestuak egingo dituzten aldean, gainera, orain azpitik doan Uhola erreka desbideratu egingo dute pixka bat eta zati bat bistan geldituko da gero. Lanak hasteko eta bukatzeko epeak zehazteke daude oraindik. "Udalbatzak onartutako hitzarmena proiektuaren hasiera da. Gipuzkoako boletinean agertu ostean alegazioak jartzeko epea zabalduko da", dio Josean Etxeberria hirigintzako zinegotziak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak