Izan ere, urte askotan urte berri eguna frontoira joateko eguna zen Bergaran. Goi mailako pilotaren urteko lehenengo partidua Bergaran egin ohi zen-eta. Azkenaldian ez da pilota partidurik izan Bergaran, Eibarko Astelehena pilotalekua ireki zutenetik Aspek Eibarren egiten ditu-eta partiduak. Udalak, herrian pilotarekiko dagoen zaletasuna kontuan izanda, urte berri eguneko pilota jaialdia berreskuratu nahi izan du. Horretarako Aspe enpresarekin harremanetan ipini eta akordio batera iritsi dira azkenean ere. Udaletik azaldu dute, hasiera batean, enpresak ezezkoa eman zuela. Eibarren partidua egonik harmailak betetzeko zailtasunak egongo zirela uste baitzuten.
Hori horrela, Bergarako Udalak honako proposamena egin zion Asperi. 12.000 euro ordainduko dizkio eta sarreretatik lortutako dirua Udalarendako izango da. Udaletik azaldu dute frontoia betetzea espero dutela jasotako diruarekin partiduaren gastua ordaintzeko.
Tradizioa berreskuratuko da, beraz, eta partiduak ez dira nolanahikoak izango. Gonzalez eta Barriola Titin III eta Goñi IIIk osatzen duten bikotearen kontra lehiatuko dira. Jaialdiari hasiera emango dion partiduan, berriz, Goñi II-Arruti eta Berasaluze IX- Galarza VI bikoteen partidua ikusi ahal izango dute zaleek.
Lehenengo partidua arratsaldeko bostetan izango da eta goi mailakoek zazpietan hasiko dute lehia. Sarrerak urtarrilaren 1ean bertan ipiniko dira salgai eguerdiko ordu batetatik ordu bietara bitartean eta lauretatik aurrera, partiduak hasi baino ordu bete lehenago.