Urtarrilean hasiko dituzte kanpoko igerilekua egiteko lanak

Oihana Elorza Gorostiza 2008ko urr. 17a, 12:16
Asmoa da uztailaren 1ean zabaltzea kanpoko igerilekua; eguzkia hartzeko edo jolaserako berdegunea Ipintza aldera egingo dute.

Datorren urtarrilean hasiko dituzte kanpoko igerilekua egiteko lanak. Udalaren asmoa zen urrian hastea, baina proiektua atzeratu egin da eta horregatik, urtarrilean hasiko dituzte. Udal ordezkariek eta teknikariek bilera egin dute arkitektoarekin eta ikusi dute posible dela urtarrilean lanak hasita uztailaren 1erako amaitzea. Izan ere, horixe da helburua, kanpoko igerilekua uztailaren 1ean zabaltzea.

Arkitektoak hilabete honetan entregatuko dio proiektua Udalari. “Urriaren 28an jasoko dugu”, dio Martin Etxeberriak, Kirol zinegotziak. “Plano batzuk ikusi ditugu dagoeneko, aurrerapena erakutsi digu arkitektoak, baina proiektu osoa hilaren 28an izango dugu eskuetan”, zehaztu du Agurne Barruso alkateak. Proiektua jaso ondoren, deialdi publikoa egingo du Udalak lanak adjudikatzeko.

Berdegunea, ipintza aldera
“Deialdia egin eta lanak esleitzeak bere denbora behar du, baina asmoa da urtarrilean hastea obrak. Epeak aztertzen ibili gara. Uda aurretik bukatzea posible ez bada lanak datorren urtera atzeratzea ere pentsatu dugu, bestela ez delako ez igerilekurik ezta berdegunerik ere egongo udan. Baina arkitektoak esan digu urtarrilean lanak hasita posible dela kanpoko igerilekua uztailaren 1ean irekitzea, eta horrela egingo dugu”, dio Kirol saileko zinegotziak. Behin betiko planoa eskuetan dutenean ikusiko dute udal ordezkariek ere kanpoko igerilekuaren eta berdegunearen itxura. “Dena dela, berdegunea Ipintza aldera luzatuko dugula esateko moduan bagaude. Aukera ezberdinak aztertu ditu arkitektoak baina azkenean modu egokiena horixe dela ikusi dugu, Ipintza aldera egitea berdegune berria. Azalera aldetik, metro karratu kopuru antzekoa izango dute lehengoak eta gerokoak”, zehaztu du Martin Etxeberriak. Ur putzua  zabalik egongo da, ixteko aukerarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak