Urrezko 'Q'a eman diote Lazpiur enpresari

Oihana Elorza Gorostiza 2007ko martxoaren 29a

EAEn 24 erakundek dute ziurtagiri hori; horietatik zazpi bakarrik dira industria enpresak.

Ana Agirre industria sailburuaren eskutik jaso du gaur, eguena, Lazpiur enpresak urrezko 'Q'a. Duela hiru urte zilarrezkoa eman zioten.

Ekitaldian, Ana Agirre industria sailburuaz gain, Xabier Alkorta Euskaliteko presidentea, Victoriano Gallastegi herriko alkatea eta Miguel Lazpiur enpresako gerentea ere egon dira. Baita hezkuntzako eta enpresa munduko hainbat ordezkari eta Lazpiur lantegiko langileak. Gonbidatuek Lazpiur enpresa barrutik ezagutu dute lehenengo, ordubete inguruko bisita eginez. Gero, hitz batzuk esan dituzte Lazpiurrek, Gallastegik, Alkortak eta Agirrek.

Sariaren ziurtagiria entregatu aurretik, enpresako hainbat langilek 'Q' txiki bana jaso zuten. (Berez, urrezko 'Q' bana jaso behar zuten baina deskuidoz zilarrezkoak ekarri dituzte urrezkoen lekuan. Agindu diete bihar helduko direla urrezkoak). Guztira 97 langilek dihardute Lazpiurren eta sekzio bakoitzeko bost langilek jaso zituzten 'Q' txikiak, 15ek guztira.

Euskalitek esan bezala, EAEn 24 organismok edo erakundek eskuratu dute orain arte urrezko 'Q'a eta horietatik zazpi dira bakarrik industria enpresak. Lazpiur, urrezko 'Q'a duen Bergarako enpresa da.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak