Urpekaritza ikastaroa berriz egingo dute

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko mar. 30a, 13:26

47 lagunek hartu dute parte Urpekaritza 'bataioa'-n eta hegats bakarreko urpekaritzan; Kirol zerbitzuak balantze "ezin hobea" egin du

Kirol zerbitzuak ur jarduera zabala eta anitza eskaintzeko asmoz urpekaritza astea egin du martxoaren 23tik 26ra, Gipuzkoako Urpekaritza Jardueren Federazioarekin batera. Hori horrela, lau egunetan hegats bakarreko urpekaritza ikastaroa eta urpekaritza bataioak egiteko aukera izan dute hainbat lagunek.
Hain justu ere, 47 pertsonek hartu dute parte. Hala, Kirol zerbitzuak "balantze ezin hobea" egin du-.

Ikastaro gehiago

Urpekaritza bataioari dagokionez, izandako arrakasta ikusita,  lehen mailako Izar bat urpekaritza ikastaroa emateko aukerak aztertzen dihardute Kirol zerbitzuan. Ikastaro hori ere Federazioarekin batera antolatuko dute.
Ikastaroak aurrera eginez gero, uda hasieran, ekain edo uztailean, edo irailean egingo dute. Ikastaro horrek atal teorikoaz gain igerilekuan eta itsasoan egin beharreko atalak ditu eta 25 metroko sakoneko murgilketak egin ahal izango dituzte parte hartuko duten kideek. 

Hegats bakarrak erosi

Hegats bakarreko igeriketari dagokionez, jarduera hori sustatzeko hegats batzuk erosteko aukera ere aztertzen dihardute. Hegatsok Agorrosingo erabiltzaileek erabiltzeko aukera izango lukete.
Bestalde, igerilekuaren dinamizatzeko ahaleginarekin jarraituz, maiatzean skimotaje ikastaroa antolatuko dute, seguruenik, Beti Busti piraguismo taldearekin elkarlanean.

Aste santuan, zabalik

Aste Santuan Kirol eremuak irekita egongo dira Eguen Santutik Pazko astelehenera arte.
Apirilaren 14tik 19ra, ordea, Agorrosin Ekintza Guneko kirol eremua itxi egingo dute. Izan ere, garbiketa, aurrezaintza eta konponketa lanekin batera berdegunean egiten diharduten igerileku berrirako  ur eta argi hornikuntza lanak egingo dituzte.
Horrekin batera, desinfekzio eta legionella tratamendua ere egingo dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak